Trixerta Korrika44 Trixerta Korrika44
Herriz herriko eskaintza zabala proposatzen du 22. edizioko Korrika Kulturalak

Herriz herriko eskaintza zabala proposatzen du 22. edizioko Korrika Kulturalak

22. edizioko Korrika Kulturala aurkeztu dute Asier Amondo eta Aitziber Balantzategi AEK/KORRIKAko eledunek gaur, Derioko Baserri Antzokian eta hainbat artistaz lagunduta. Aurtengo emanaldien artean aipatzekoak dira, besteak beste, Ruper Ordorikaren “Hautsi da Anphora” ikuskizuna (Loraldia Festibalarekin elkarlanean eskainia); baita “eRRe” eta “Antigone” antzezlanak ere. Berrikuntzen artean, nabarmentzekoena Kulturalaren “Menua”-n datza; hau da, herriz herriko emanaldi kulturalak programatzeko AEK-k osatutako katalogoa.

Aldaketekin dator aurtengo Korrika Kulturala. Izan ere, Asier Amondo KORRIKA arduradunak aipatu duenez, 22. edizio hau «trantsiziotzat» dute, eta hemendik aurrera Kulturalaren programa garatuko da AEK-k eskainitako kultur sorkuntzarako bekaren inguruan. «23. KORRIKAtik aurrera», dio Amondok, «Korrika Kulturaleko ekitaldi nagusia bekarekin taxutuko dugu. AEK-k lan bat sarituko du bi urterik behin; euskal sortzaile ororentzat izango da, diziplina anitz edo bakarra barnebil dezake, eta lanaren emanaldiek agertoki edo plaza batean aurkezteko modukoak izan beharko dute». Aurtengo proposamenak jaso dituzte dagoeneko, eta epaimahaiaren esku daude. Apirilean emango dute bekaren irabazlearen berri.

Nolanahi ere, bekarena hurrengo KORRIKArako gaia da momentuz, eta «22. edizio honetan azken urteotan maiz erabili dugun formulari helduko diogu berriro; elkarlanari, alegia», esan du Amondok. Hala, Loraldia Festibala izango da, beste behin ere, Korrika Kulturalaren bidelagun, eta “Hautsi da Anphora” ikuskizuna beren aurtengo ediziorako proposamena. Ruper Ordorikaren azken proiektua dugu, Bernardo Atxaga eta Mugalaris taldearekin elkarlanean egina. Prentsa-agerrialdian Amaia Ocerin Loraldia Festibaleko ordezkaria ere egon da; eta, aurreratu duenez, Euskal Herriko sei udalerritan ikusi ahalko da “Hautsi da Anphora”: Senperen, Iruñean, Bilbon, Eibarren, Gasteizen eta Oreretan.

Halaber, bestelako sorkuntza-lanak sustatu eta hainbat herritara eramaten lagunduko du Korrika Kulturalak: besteak beste, “eRRe” ikuskizuna (Lanku kultur zerbitzuen eskutik); eta “Antigone edo ezetzaren beharra”, Horman Poster kolektiboak moldatutako klasikoaren bertsio librea. Azken obra honen lagin txiki bat ikusteko aukera izan dute aurkezpenera bertaratutakoek, Xanti Agirrezabala aktorearen eskutik. Agenda osoa kontsulta daiteke korrika.eus webgunean.

Herriz herriko “menua” osatzeko katalogoa

Aitziber Balantzategi AEK-ko eledunak aipatu duenez, «Korrika Kulturala jaio zen AEK-k Euskal Herriari KORRIKAren alde egindako lana eskertzeko, kalitate handiko kultur eskaintza zabala bueltan emanez». Ildo horretatik, herriz-herri antolatzen diren ekitaldiak ere eraman nahi dituzte Kulturalen agendara AEK-koek. «Harago joan nahi izan dugu aurten», azaldu du Amondok, «eta KORRIKAren webgunean “Menua” izeneko baliabidea txertatu dugu, hau da, 22. Korrika Kulturalaren baitan antola daitezkeen ekintzen katalogoa, udalerri orori irekia». Menuan topa daitezkeen artista eta ikuskizunen adibide da Eñaut Zubizarreta “Trigger” musikaria; aurkezpenean parte hartu duen bigarren artista.

Menuaren gaineko informazio guztia korrika.eus-en topa daiteke, “Kulturala” atalean. Horretaz gain, webguneak Korrika Kulturalaren aterkian programatuko diren ekitaldi guztien berri ere jasoko du, “Agenda” atalean.

Egin zaitez laguntzaile

Korrika laguntzailea izatearen abantailak

  • Astero, zozketak egingo ditugu LAGUNTZAILEEN artean... 300 sari baino gehiago...

  • Oro har, KORRIKAren ekimenetan lehentasuna edo deskontuak izango dituzu.

  • Deskontuak ere AEK-ko ikastaroetan. AIZU! Aldizkariko harpidetzan...

  • Eta, aldiro-aldiro, gure berri jasoko duzu KORRIKA laguntzaileentzako buletinaren bidez.

...eta garrantzitsuena, KORRIKAren parte zara, zure laguntzarekin egingo dugulako aurrera.

Egin zaitez laguntzaile

Eskerrik asko!