Trixerta Korrika44 Trixerta Korrika44

Urriaren 31ra arte dago zabalik da KORRIKA-AEK Kultur Sorkuntzarako II. Bekarako lanak aurkezteko epea

Apirilaren 18an aurkeztu zuenez, AEK-KORRIKAk abian du Kultur Sorkuntzarako II. Bekarako lanak aurkezteko deialdia; eta epea urriaren 31ra arte egongo da zabalik.

Euskal sortzaile ororentzat da, diziplina anitz edo bakarra barnebil dezake, eta lanaren emanaldiek agertoki edo plaza batean aurkezteko modukoak izan behar dute. Beka 23.000 eurokoa izango da, eta 24. KORRIKAko Kulturaleko egitarauaren barruan aurkeztuko da, 2025eko azarotik 2026ko apirilera, hain zuzen.

Ane Elordi Alburquerque KORRIKAren koordinatzaileak aurkezpenean adierazi zuenez, «ezaguna AEK-KORRIKAk euskaren berreskurapena eta normalizazioa duela helburu, eta horrekin batera euskal kulturaren sustapena ere bai. Horren adibide argiak dira KORRIKA bera, eta bere inguran antolatzen diren ekimen kulturalak, Beka honen emaitzak barne».

(Argazkian: BADON* proiektuko kideak, I. Bekaren irabazleak, Ane Elordi Alburquerque KORRIKAren koordinatzailearekin).

Informazio gehiagorako: https://www.korrika.eus/eu/korrika-kulturala/beka

Bekaren oinarriak azaltzen ditu Elordik bideo honetan:

 

Lekukoa, Gorritiren eskuetan

KORRIKAren lekukoa. Remigio Mendiburu artistak diseinatu eta egin zuen 1980. urtean. 1988 arte pieza hau ibili zen Euskal Herrian barrena, edizio guztietan. Egun, artelana,  Donostiako San Telmo Museoaren erakusketa iraunkorrean dago ikusgai.
 
1988az geroztik, Juan Gorriti eskultoreak eginiko kopia da herriz herri dabilena. Eta, ohiturari jarraiki, aurtengo udan, KORRIKA ikasturtearen aurretik, artistaren eskuetan egon da lekukoa, prest eta txukun uzteko. 
 
Argazkian, Ane Elordi KORRIKA arduradunarekin batera.
 
KORRIKA badator

KORRIKA, "Euskal Herriko super potentzia emozional gorena"

Atzo, KORRIKA arduradun Ane Elordik Kultura eta herrigintza, desira, afektu eta atxikimenduen ikuspuntutik mahai-inguruan parte hartu zuen.

Herringintza aztertzen denean, desira, afektua eta atxikimenduen ikuspuntutik, “AEKrentzat ohore handia izan da ikastaroaren mahai-inguru parte batera gonbidatzea; hor KORRIKA kokatzeak asko esan nahi duelako. Izan ere, sari moduan ere hartzen dugu, "berme-zigilu" bat, alegia”, adierazi zuen Elordik.

Are gehiago, Estitxu Garaik, moderatzaileak, Ane Elordi aurkeztean aipatu zuen moduan, bezperan, ikastaroaren lehen jardunaldian ere KORRIKA hainbat aldiz aipatu zen, eta KORRIKA dela herri honetan dugun “super potentzia emozional gorena” azpimarratu zuten. Elordiren hitzetan, “Euskararen aldeko lasterketak ilusioa eta zirrara sortzen du, herri baten aldarri alaia eta tinkoa da; desiragarritzat dugu KORRIKAren etorrera bera, eta ibilbidean batzen gara Euskal Herri euskalduna desio dugunok”.

Mahai-ingurua UEUko Euskal Herri maitea, afektuak eta euskal askapen desira gaur egun ikastaroaren barruan kokatuta dago, UEUk berak eta Iratzar Fundazioak antolatuta. Leire Vargas Nieto (idazlea eta bertsolaria), Ainhoa Olaso Sopelana (ikus-entzunezko Komunikazioan graduatua. Gidoigintzan aritua eta aditua. Orain Bilgune Feministan) eta Estitxu Garai Artetxe (Publizitate eta Harreman Publikoetan lizentziatua eta Gizarte Komunikazioan masterra. Publizitatean doktorea, UPV/EHU) aritu ziren KORRIKA arduradunarekin batera.

“Redadeg 2024” lasterketaren xehetasunak ezagutarazi ditu Ar Redadeg elkarteak

Ar Redadeg elkarteak gure KORRIKAren ahizpa honen 2024ko edizioari buruzko xehetasunak eman berri ditu.

Oraingoan, Redadeg (euskaraz, Lasterketa) bretoieraren aldeko ekimena maiatzaren 17tik 25era izango da, eta Bretainiako Pointe du Raz (Plogoff udalerrian) eta Morlaix lotuko ditu. Halaber, antolatzaileek edizio honetarako aukeratutako leloa Treuzkas ! (Pasa ezazu!) izango da.

Ar Redadeg elkartearen arabera, «gure arbasoek bretoierarekin izandako harremanaren bidez, oinordetzan zauriak jaso ditugu. Zauri horiek oraindik irekiak eta orbainduak daude, kulturak zapaldu eta estandarizatzeko makinak eginak. Horregatik, oraintxe bertan da zauri horiek sendatzeko unea!».

Redadeg 2024ri buruzko informazio gehiago hemen irakur daiteke.

Jon Zabala Arando: «Euskaldunok berrindartzen gaituen bizigarri bat da KORRIKA»

Jon Zabala Arando (Amoroto, 1990) EHUko Gizarte Psikologia CCE ikertaldeko kidea da, eta psikologia sozialaren esparruan doktoregaia. Azken egunotan, bere ikerketa batek oihartzun handia izan du prentsan, eta jakin dugu zientifikoki frogatu dutela KORRIKAn parte hartzeak eragin psikologiko positiboak dituela gizarte-ongizatean eta ahalduntze kolektiboan. Hala, Zabalarekin hitz egiteko aukera izan dugu, eta honatx bere lanaren inguruan kontatu diguna. (Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU).

Nola heldu zarete ondorio horretara?

Epe luzerako ikerketa baten bitartez. Datuak hiru alditan jaso genituen: KORRIKAn parte hartu aurretik (hiru aste lehenago), KORRIKAn parte hartu ondoren (lehenengo eta zazpigarren egunen bitartean) eta KORRIKA bukatu eta sei-zazpi astetara.

Metodo honek KORRIKAn parte hartu ostean efektu positiboak egon diren ala ez egiaztatzea ahalbideratu zigun, lehenengo galdeketako datuak bigarren galdeketako datuekin alderatuz. Era berean, aldaketa edo eragin psikologiko positibo horiek Durkheim-en eferbeszentzia kolektiboak azaltzen zituen egiaztatzea ere, hau da, KORRIKAn bizitako esperientzia emozional partekatuak. Azkenik, metodo honen bitartez eragin psikologiko hauek sei-zazpi astetara oraindik dirauten aztertu ahal izan genuen, baita KORRIKAn bizitako esperientzia emozional partekatuak oraindik efektu horiek azaltzen zituen ere.

Emaitzak biribilak dira, erabatekoak. Ikerketako parte-hartzaileek KORRIKAn parte hartu ostean aurretik baino ongizate maila altuagoa erakutsi zuten. Alde batetik integrazio sozial altuagoa, auzo edo herri mailan, eta baita Euskal Herri mailan ere. Bestetik, pertsonekiko eta gizartearekiko ikuspegi positiboago bat adierazi zuten, hau da, pertsonen ontasunarekiko pertzepzioa eta etorkizun hobeago batetara bideratzen ari den gizarte baten pertzepzioa. Parte-hartzaileak, gainera, gizarteko partaide garrantzitsuagoak sentitu ziren. Azkenik, ahalduntze kolektiboan ere positiboki eragin zuen, hau da, euskaldunon helburuak eta gizartean eragiteko eta aldatzeko gaitasun sentsazioan. Guzti hauek, pertsonen osasun psikologikoarekin oso erlazionatuta daude. Gainera, datuek erakusten dute, aldaketa hauek ez direla zoriz gertatu, baizik eta, KORRIKAn bizitako esperientzia emozional partekatuagatik baino.

Bukatzeko, integrazio soziala, onarpen soziala eta aurrerapen sozialaren gaineko eragin hauek gutxienez sei-zazpi astetaraino mantendu ziren, eta berriro ere, KORRIKAn partekatutako esperientzia emozional horrek azaldu zituen eragin horiek mantentzea.

Zein izan zen zure azterlan horren esparrua eta xedea?

Emile Durkheim soziologo frantsesaren eferbeszentzia kolektiboaren teoria egiaztatzea. Baina ez hori bakarrik. KORRIKAri, hain gurea den, hain handia eta hunkigarria den erritu kolektibo honi merezitako arreta eskaintzea eta komunitate zientifikoan ezagutaraztea.

Zer lagin erabili duzu? Ikerketa osatzeko, zertan lagundu dizu AEK-k?

Lagina KORRIKAn parte hartzeko asmoa zuten Euskal Herri osoko euskaldun eta euskaltzaleek (euskaraz ez zekitenek) osatu zuten, 18 eta 73 urte bitartekoak (M = 39; %60 emakumezkoa). Lehenengo galdeketa 800 pertsona inguruk erantzun zuen, eta horietatik bigarren galdeketa 400 inguruk. Azkenik, hirugarrena 270 pertsona inguruk.

Ikerketak harrera ona izan zuen eta lagin kopuru hau oso egokia da mota hauetako ikerketetarako. Oso esker oneko sentitzen naiz, eta beraz, nire eskerrik beroenak adierazi nahi dizkiet ikerketako parte-hartzaileei. Baita AEKri ere. Izan ere, AEK-k Korrika Laguntzaileei gure ikerketan parte hartzeko gonbidapena luzatu zien helbide elektronikoaren bitartez, eta horrek asko lagundu zuen.

Aurreko KORRIKA inoizko jendetsuena eta jarraituena izan zen. Honek ba al du azalpenik, psikologiaren ikuspuntutik?

Ez nuke jakingo esaten aurreko urteko arrakastaren zergatia zein izan zen. Baina KORRIKAk orokorrean arrakasta izugarria du (ezohikoa esatera ausartuko nintzateke), eta badira hori azaldu dezaketen zergatiak. Alde batetik, gizakiok taldea eta kidetasuna berregin edo gogora ekartzeko beharrizana dugu. Kidetasun sentimendua oinarrizko beharrizan psikologiko bat da, eta azaldu dugun bezala, gure osasunarentzako garrantzitsua. Bestetik, emozio positiboak sortarazten dituzten jokaerak errepikatzeko joera dugu. Eta KORRIKA elkartasun sentimenduak sortarazten dituen emozio positiboen eztanda izugarri bat da. Deskriba ezina askorentzat.

KORRIKAk, beraz, biak elkartzen ditu, bateratasun emozional indartsu bat baita. KORRIKA, euskaldunok zer garen gogorarazten digun ezinbesteko oroigarri bat da. Gure bakantasunetik atera eta ezerk gelditu ezin dezakeen indar bateratu bat garela gogorarazten diguna. Inklusiboa dena, zerbaiten kontra baino gure alde mugitzen den dardara. Erraietan biziki sentitzen den dardara partekatua.
Laburbilduz, euskaldunok berrindartzen gaituen bizigarri bat da KORRIKA.

Horra hor, beraz, KORRIKAren arrakastaren azalpen posible bat, sentimendu bizigarri horiek errepikatzeko nahia alegia.

Zenbat iraun dezake KORRIKAren erresaka emozionalak?

Litekeena da, esperientzia emozionala parte hartu eta ondorengo ordu batzuen barruan desagertzea, ezinezkoa baita emozionalki hain aktibatuta egotea denbora luzez. Esperientzia esporadikoa da, eferbeszentea. Baina bizitakoa hausnarketa eta gogora ekartzearen asimilazio prozesuetan murgiltzen da eta honek efektuak mantentzen lagundu dezake. Izan ere, gorago aipatu bezala, partekatutako esperientzia emozional horren eraginak gutxienez zazpi astetaraino iraun zuen aldagai batzuen kasuan.

Nola senti ditzake euskaldun batek bere egunerokoan KORRIKAn parte hartzen duenean sentitzen dituen antzeko sentsazioak?

Ziurrenik esperientzia oro errepika ezina da, bereziki KORRIKAkoa. Hala ere, bizitako esperientzia gogora ekartzeak ahalmen handia dauka. Bizipenak esanguratsuak diren heinean horiek oroitzera jotzen dugu, horietaz hausnartzen dugu eta gainontzekoekin partekatzen ditugu. Eta gehiago partekatu ahala are garrantzitsuagoak bilakatzen dira. Adibidez, lagun artean bizitako esperientzia esanguratsuen kontakizunetara jotzen dugu sarritan. Hauek anekdota bilakatzen dira eta taldea birsortzen duten errekurtsoak bilakatzen dira.

Ikus-entzunezkoek ere ahalmen ikaragarria dute. Bizitakoak berriro gogora ekartzeko eta ez-bizitakoak sentitzeko ere. KORRIKAren esperientzia emozionala eta bere esentzia ongi ordezkatzen duten ikus-entzunezko orok KORRIKAn bizitzen dena berpiztuz gain, bere esanahi sinboliko eta emozionalaren garrantzia oraindik gehiago areagotu dezake, pertsonen parte garrantzitsu bat bilakatzeraino. KORRIKAko leloek, abestiek eta irudiek, beraz, lagundu dezakete esperientzia hori birgogoratzen.

Euskal gizartearen zein esparru gehiagotan aplika daiteke Durkheimen teoria?

Durkheimen teoria bateratasun emozional hori sortzen den edozein erritu kolektibotan da aplikagarria. Lagunekin kafe bat hartzetik KORRIKA bezalako erritu kolektibo masiboetaraino, baldin eta, bateratasun emozional hori ematen bada. Beste kontu bat da, enpirikoki hain egiaztagarriak izan daitezken, hau da, eragin horiek estatistikoki antzemateko bezain bestekoak diren. KORRIKAren kasuan horrela izan da.

Zorionez, Euskal Herrian euskalduntasuna eta herritartasuna berpizten dituzten erritu kolektibo oparo ditugula iruditzen zait. Baita bizitza sozial oparo bat ere.
Hauek, gizarte baten kohesioa eta osasuna bermatzeko ezinbesteko elementuak dira. Segur aski, KORRIKA eta herritartasuna elkar elikatzen diren fenomenoak dira. Ez daitezela galdu, hauek baitira gure esentziaren erregaiak edo bizigarriak.