Trixerta Korrika44 Trixerta Korrika44
Komunitate flamenkoaren delegazio batekin bildu da AEK-KORRIKA

Komunitate flamenkoaren delegazio batekin bildu da AEK-KORRIKA

Azken boladan, hainbat nazioarteko ordezkarirekin biltzen ari da AEK-KORRIKA, munduko hizkuntza gutxituen inguruan aritzeko. Aspaldi ez dela, Escola Valenciana eta kitxuaren aldeko Kichwa Otavalo Kultur Elkartearekin aritu ginen, eta orain Bruselako flandestar komunitatearen delegazioarekin biltzeko aukera ere izan dugu.

Euskal Herrira etorri den ordezkaritza Brusela hiriburu-eskualdeko Assembly of the Flemish Community Commission-eko parlamentariek osatu dute. Batzarra AEK-ko Bilboko egoitzan egin zen, eta flamenkoak eta AEK-KORRIKAko ordezkariez gain, HABEko Jokin Azkuek ere hartu zuen parte.

Beraiekin landutako gaiak askotarikoak izan ziren: bi hiztun komunitateen ibilbide historikoa, soziolinguistika, irakaskuntza metodologia eta didaktika, hizkuntzaren babesa eta promozioa, eta KORRIKA, besteak beste. Ikasteko doakotasunaren gaia ere jarri genuen mahai gainean (Danimarkan, esaterako, doakoak dira hizkuntza-eskolak); eta, amaitzeko, elkarlanerako aukerak ere jorratu genituen.

Bilera amaitutakoan, flandestar talde txiki bat Lizardi AEK-ko A2 mailako eskola batean sartu ziren, eta ikasleekin hitz egiteko parada ere izan zuten.