Trixerta Korrika44 Trixerta Korrika44

KORRIKAren Iruñeko Aurkezpen Soziala: «Hitzak aski ez direnean, HITZEKIN beharko dugu»

Hitzak aski ez direnean, HITZEKIN beharko dugu 22. KORRIKArekin batera.

KORRIKAren 22. edizioa hasteko bi aste baino falta ez direnean, ehunka herri eta auzotan Korrika Batzordeak lanean ari diren honetan, Iruñean egin da aurtengo edizioaren lehendabiziko KORRIKAren Aurkezpen Soziala, Nafarroako Antzerki Eskolan (Bilbon heldu den astean egitekoa da, 24an). Lekuko erraldoiak Amurriora bidaiatu du Garestik martxoaren 10ean, furgonetak prest daude, hasiera eta bukaera ekitaldietako egitarauak zabaltzeko prest... KORRIKA hastea baino ez da falta.

KORRIKAren spotarekin ekin dio ekitaldiak arratsaldeko 19:00etan, eta Laura Villanueva aktoreak hartu du aurkezteko ardura. Ikasle batek eta irakasle batek osatutako bikoteak hartu du lekukoa gero, eta AEKren bizidekarrean aritu dira KORRIKAk beste edizioetan ekarri dizkien bizipen eta sentimenduen haritik tiraka, haiek direlako AEKren hauspoa. Aitziber Balantzategi AEK-ko Artezkaritza kideak hartu du ondoren hitza, 60tik gorako gonbidaturen aurrean (erakundeetako ordezkariak, jendarte-eragileak...), eta besteren artean KORRIKAren bi helburuek oso presente dirautela nabarmendu du: «euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta AEKren eguneroko jardunerako dirua biltzea».

Aurtengo abestiaren bideoklipa ikusi dute gonbidatuek, eta Asier Amondo 22. KORRIKAren arduradunak egin du bigarren hitzartzea. «Gogoa eta ilusioa» aipatu ditu, eta horren adibidetzat jarri du Korrika Laguntzailearen figurak 9.000 kide baino gehiagoren babesa jaso duela, eta 11.000 gainditzea ere espero dela. Herri bat zain dagoela esan du, KORRIKArekin maiteminduta dagoen herri bat, euskararen gogoa lau haizetara zabaldu nahi duena.

Lasterka, arineketan, antxintxika... KORRIKA hastea baino ez da falta. Amurriotik Donostiara. Martxoaren 31tik apirilaren 10era. 2.575 kilometro. Korrika.

 

 

Egin zaitez laguntzaile

Korrika laguntzailea izatearen abantailak

  • Astero, zozketak egingo ditugu LAGUNTZAILEEN artean... 300 sari baino gehiago...

  • Oro har, KORRIKAren ekimenetan lehentasuna edo deskontuak izango dituzu.

  • Deskontuak ere AEK-ko ikastaroetan. AIZU! Aldizkariko harpidetzan...

  • Eta, aldiro-aldiro, gure berri jasoko duzu KORRIKA laguntzaileentzako buletinaren bidez.

...eta garrantzitsuena, KORRIKAren parte zara, zure laguntzarekin egingo dugulako aurrera.

Egin zaitez laguntzaile

Eskerrik asko!

Ikastetxe eta euskaltegietarako 22. KORRIKAren unitate didaktikoak aurkeztu dituzte AEK-k eta Ikastolen Elkarteak

Hezkuntza-zentro eta euskaltegietarako unitate didaktikoak aurkeztu dituzte AEK/KORRIKAko eta Ikastolen Elkarteko ordezkariek, Ziburuko Piarres Larzabal kolegioan. Bilduma www.korrika.eus webgunean dago eskuragarri, eta ikastetxeetarako unitate sorta osorik on-line lantzeko aukera dago. Asier Amondo KORRIKA arduradunak adierazi du elkarlana bi erakundeen «sinergiaren» fruitua dela. Unitatearen erakustaldi laburra egin dute Piarres Larzabal kolegioko ikasleek.

KORRIKAren edukiak lantzeko unitate didaktikoen bilduma aurkeztu dute AEK/KORRIKAko eta Ikastolen Elkarteko arduradunek gaur, martxoak 4, Ziburuko Piarres Larzabal kolegioan, bertako ikasleen laguntzarekin.

Unitate didaktiko hauek «gure bi erakundeen sinergiaren emaitza» direla adierazi du Asier Amondo KORRIKA arduradunak. Ikastolen Elkarteko kideek sortu dituzte unitateak, baina hezkuntza-zentro guztietan lantzeko modukoak dira.

Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak ere hartu du hitza agerraldian, eta Euskal Herri euskaldunaren alde lanean diharduten bi erakundeen elkarlana azpimarratu du: «Ikastolontzat ohore handia da ekimen honetan parte hartzea». Horrez gain, Tellituren esanetan, KORRIKAk «hamar-hamabi egunez haize freskoa eramaten dio tokian tokiko euskalgintzari». Peio Jorajuriak, Seaskako lehendakariak, ere hartu du parte aurkezpenean.

Ikastetxeetarako eta euskaltegietarako

Aipatutako bilduma bi material sortaz osaturik dago: hezkuntza zentroei zuzendutako sorta eta euskaltegietarako sorta.

Lehenengoei dagokienez, unitateek hezkuntza formalaren etapa guztiak hartzen dituzte, Haur Hezkuntzatik 18 urtera bitartean. Iñaki Zapirain unitateen egileak aipatu duenez, «aurtengo nobedadeen artean ipuin baten bideoa dugu, Pilota gorri batekin ipuina, alegia; Gaizka Chamizo aktorearekin egindako elkarlana. Bestalde, unitateetan aurtengo KORRIKAren kanta, dokumentala eta omenduak ere jorratzen dira, eduki bakoitza maila ezberdinetara egokitua». Irakasleek unitate guztiak on-line landu ahalko dituzte, www.korrika.eus/unitate-didaktikoak/ webgunean.

Amaia Lopez de Luzuriagak, bere aldetik, euskaltegietarako atazak aurkeztu ditu. Berak adierazi bezala, «aurten KORRIKAren hainbat mugarriren inguruan sortu dituzte atazak; eta, horrez gain, aberasgarritzat jo du jolas interaktiboen erabilera, hainbat trebetasun lantzeko balio baitu». Bestetik, aipamen berezia egin die gurasoentzat sortutako atazei, euskaraz ikasten ari diren guraso eta umeen arteko transmisioan eragitea helburu izanik.

Kolegioko ikasleak, protagonista

Didaktikarien azalpenez gain, unitateen erakustaldi laburra egin dute Piarres Larzabal kolegioko ikasleek, 22. KORRIKAren kantaren koreografia dantzatuz. Bestalde, kazetari lanak ere egin dituzte Ziburuko gazteek, eta bertaratutakoei KORRIKAren gaineko galderak egin dizkiete.

Unitate didaktiko bilduma eskuragarri dago www.korrika.eus webgunean, “Unitate didaktikoak” atalean.

 

Egin zaitez laguntzaile

Korrika laguntzailea izatearen abantailak

  • Astero, zozketak egingo ditugu LAGUNTZAILEEN artean... 300 sari baino gehiago...

  • Oro har, KORRIKAren ekimenetan lehentasuna edo deskontuak izango dituzu.

  • Deskontuak ere AEK-ko ikastaroetan. AIZU! Aldizkariko harpidetzan...

  • Eta, aldiro-aldiro, gure berri jasoko duzu KORRIKA laguntzaileentzako buletinaren bidez.

...eta garrantzitsuena, KORRIKAren parte zara, zure laguntzarekin egingo dugulako aurrera.

Egin zaitez laguntzaile

Eskerrik asko!

KORRIKAren historiaren podcastak eskura

Eskura dituzue, atalez atal, KORRIKA bakoitzeko zertzelada eta pasadizo nagusiak. Proiektu xume hau www.korrika.eus webgunean aurki dezakezue, Historia atalean. Naiz Irratiarekin elkarlanean sortutakoa da, eta, beraz, irratiko uhinetan ere entzuteko aukera egongo da.

22 audio-fitxategi dira (atarikoa + KORRIKAren aurreko 21 edizioetako podcast bana), eta horien transkripzioak ere eskegi ditugu. KORRIKAren historiaren podcastak webgunearen atal berri batean kokatu ditugu, Korrikateka izenekoan. Pixkanaka-pixkanaka, KORRIKAren ondare guztia bertan biltzeko asmoa dugu.

Podcast hauekin jaso nahi izan ditugu edizio bakoitzeko zertzelada nagusiak, KORRIKAren historia beste era batez ere dokumentatzeko. Izan ere, lasterketa nagusiaren webgunean bertan, Historia izeneko atalean, edizio bakoitzak berariazko orrialdea dauka, nondik norako nagusiak, eta, orain, hor ere, edizio bakoitzaren podcasta eskura egongo da.

"...mila eta bat istorio daude edizio bakoitzaren atzean... Gurekin batera errepasatu nahi dituzu? Podcastetatan egongo gara zuen zain!".

Egin zaitez laguntzaile

Korrika laguntzailea izatearen abantailak

  • Astero, zozketak egingo ditugu LAGUNTZAILEEN artean... 300 sari baino gehiago...

  • Oro har, KORRIKAren ekimenetan lehentasuna edo deskontuak izango dituzu.

  • Deskontuak ere AEK-ko ikastaroetan. AIZU! Aldizkariko harpidetzan...

  • Eta, aldiro-aldiro, gure berri jasoko duzu KORRIKA laguntzaileentzako buletinaren bidez.

...eta garrantzitsuena, KORRIKAren parte zara, zure laguntzarekin egingo dugulako aurrera.

Egin zaitez laguntzaile

Eskerrik asko!

Herriz herriko eskaintza zabala proposatzen du 22. edizioko Korrika Kulturalak

22. edizioko Korrika Kulturala aurkeztu dute Asier Amondo eta Aitziber Balantzategi AEK/KORRIKAko eledunek gaur, Derioko Baserri Antzokian eta hainbat artistaz lagunduta. Aurtengo emanaldien artean aipatzekoak dira, besteak beste, Ruper Ordorikaren “Hautsi da Anphora” ikuskizuna (Loraldia Festibalarekin elkarlanean eskainia); baita “eRRe” eta “Antigone” antzezlanak ere. Berrikuntzen artean, nabarmentzekoena Kulturalaren “Menua”-n datza; hau da, herriz herriko emanaldi kulturalak programatzeko AEK-k osatutako katalogoa.

Aldaketekin dator aurtengo Korrika Kulturala. Izan ere, Asier Amondo KORRIKA arduradunak aipatu duenez, 22. edizio hau «trantsiziotzat» dute, eta hemendik aurrera Kulturalaren programa garatuko da AEK-k eskainitako kultur sorkuntzarako bekaren inguruan. «23. KORRIKAtik aurrera», dio Amondok, «Korrika Kulturaleko ekitaldi nagusia bekarekin taxutuko dugu. AEK-k lan bat sarituko du bi urterik behin; euskal sortzaile ororentzat izango da, diziplina anitz edo bakarra barnebil dezake, eta lanaren emanaldiek agertoki edo plaza batean aurkezteko modukoak izan beharko dute». Aurtengo proposamenak jaso dituzte dagoeneko, eta epaimahaiaren esku daude. Apirilean emango dute bekaren irabazlearen berri.

Nolanahi ere, bekarena hurrengo KORRIKArako gaia da momentuz, eta «22. edizio honetan azken urteotan maiz erabili dugun formulari helduko diogu berriro; elkarlanari, alegia», esan du Amondok. Hala, Loraldia Festibala izango da, beste behin ere, Korrika Kulturalaren bidelagun, eta “Hautsi da Anphora” ikuskizuna beren aurtengo ediziorako proposamena. Ruper Ordorikaren azken proiektua dugu, Bernardo Atxaga eta Mugalaris taldearekin elkarlanean egina. Prentsa-agerrialdian Amaia Ocerin Loraldia Festibaleko ordezkaria ere egon da; eta, aurreratu duenez, Euskal Herriko sei udalerritan ikusi ahalko da “Hautsi da Anphora”: Senperen, Iruñean, Bilbon, Eibarren, Gasteizen eta Oreretan.

Halaber, bestelako sorkuntza-lanak sustatu eta hainbat herritara eramaten lagunduko du Korrika Kulturalak: besteak beste, “eRRe” ikuskizuna (Lanku kultur zerbitzuen eskutik); eta “Antigone edo ezetzaren beharra”, Horman Poster kolektiboak moldatutako klasikoaren bertsio librea. Azken obra honen lagin txiki bat ikusteko aukera izan dute aurkezpenera bertaratutakoek, Xanti Agirrezabala aktorearen eskutik. Agenda osoa kontsulta daiteke korrika.eus webgunean.

Herriz herriko “menua” osatzeko katalogoa

Aitziber Balantzategi AEK-ko eledunak aipatu duenez, «Korrika Kulturala jaio zen AEK-k Euskal Herriari KORRIKAren alde egindako lana eskertzeko, kalitate handiko kultur eskaintza zabala bueltan emanez». Ildo horretatik, herriz-herri antolatzen diren ekitaldiak ere eraman nahi dituzte Kulturalen agendara AEK-koek. «Harago joan nahi izan dugu aurten», azaldu du Amondok, «eta KORRIKAren webgunean “Menua” izeneko baliabidea txertatu dugu, hau da, 22. Korrika Kulturalaren baitan antola daitezkeen ekintzen katalogoa, udalerri orori irekia». Menuan topa daitezkeen artista eta ikuskizunen adibide da Eñaut Zubizarreta “Trigger” musikaria; aurkezpenean parte hartu duen bigarren artista.

Menuaren gaineko informazio guztia korrika.eus-en topa daiteke, “Kulturala” atalean. Horretaz gain, webguneak Korrika Kulturalaren aterkian programatuko diren ekitaldi guztien berri ere jasoko du, “Agenda” atalean.

Egin zaitez laguntzaile

Korrika laguntzailea izatearen abantailak

  • Astero, zozketak egingo ditugu LAGUNTZAILEEN artean... 300 sari baino gehiago...

  • Oro har, KORRIKAren ekimenetan lehentasuna edo deskontuak izango dituzu.

  • Deskontuak ere AEK-ko ikastaroetan. AIZU! Aldizkariko harpidetzan...

  • Eta, aldiro-aldiro, gure berri jasoko duzu KORRIKA laguntzaileentzako buletinaren bidez.

...eta garrantzitsuena, KORRIKAren parte zara, zure laguntzarekin egingo dugulako aurrera.

Egin zaitez laguntzaile

Eskerrik asko!

“Uhinak” 22. KORRIKAren dokumentala aurkeztu dugu

Aurreko edizioetan bezala, 22. KORRIKArako AEK-k ikus-entzunezko bat ekoitzi egin du. Oraingo honetan Txakur Gorria sormen kolektiboak egindako lana izan da, eta “Uhinak” du izenburu. Dokumentala gaur aurkeztu da Laudioko Aiaraldea Ekintzen Faktorian, 22. KORRIKA hasiko den eskualdean.

Ikus-entzunezkoa emititu aurretik, Ane Labaka Mayoz sormen kolektiboko kideak dokumentalak zertan datza azaldu die bertaratutakoei. «KORRIKAren leloak bi zati dituen moduan (“Hitz” eta “Ekin”), geuk bi zati horietan bereizi dugu dokumentala», aipatu du bere hitzartzean Labakak. «Hasteko, bederatzi lagunen “hitzei” esker beste hainbeste errealitate linguistiko eta emozional ezagutzeko aukera izango du ikusleak. “Ekiteari” dagokion zatian, berriz, hitzek mundua eraikitzeko duten gaitasunaz hausnartzeko gonbita egingo zaio, Lorea Agirreren ahotsean eta KORRIKAko irudi zaharrekin lagunduta».

Asier Amondo KORRIKA arduradunak, bere aldetik, azpimarratu nahi izan du ikus-entzunezkoa Laudion aurkeztu dela, hau da, «Aiaraldean, 22. edizioari hasiera emango dion eskualdean». Izan ere, 22. KORRIKA Amurrion bertan hasiko da, martxoaren 31n.

Aurkezpenera hurbildu dira, besteak beste, Lexuri Ugarte Arabako Foru Aldundiko Euskararen eta Gobernu Irekiaren zuzendaria, Ander Añibarro Laudioko alkatea, Joseba Vivanco Artziniegako alkatea, AEK-ko eledunak, Lorea Agirre kazetaria eta dokumentalean parte hartu duten hainbat lagun, Laboral Kutxako ordezkariak, eta Aiaraldeko euskaltegietako ikasle eta irakasleak.

Dokumentala ikusteko aukera andana

AEK-tik jakinarazi dutenez, “Uhinak” dokumentala ikusteko aukera anitz egongo dira datozen egunotan. AEK-k eta Korrika Batzordeek, esaterako, herriz herriko emanaldiak programatuko dituzte, udalerrietako areto zein euskaltegietan. Horretaz gain, aurreikusita dago otsailaren 24an telebistan ere estreinatuko dela, ETB1 katean; eta hortik aurrera Interneten ere egongo da ikusgai, AEKren YouTube kanalean.

Ikus-entzunezkoa Laboral Kutxaren laguntzaz ekoitzita izan da.

Egin zaitez laguntzaile

Korrika laguntzailea izatearen abantailak

  • Astero, zozketak egingo ditugu LAGUNTZAILEEN artean... 300 sari baino gehiago...

  • Oro har, KORRIKAren ekimenetan lehentasuna edo deskontuak izango dituzu.

  • Deskontuak ere AEK-ko ikastaroetan. AIZU! Aldizkariko harpidetzan...

  • Eta, aldiro-aldiro, gure berri jasoko duzu KORRIKA laguntzaileentzako buletinaren bidez.

...eta garrantzitsuena, KORRIKAren parte zara, zure laguntzarekin egingo dugulako aurrera.

Egin zaitez laguntzaile

Eskerrik asko!