Trixerta Korrika44 Trixerta Korrika44

Komunitate flamenkoaren delegazio batekin bildu da AEK-KORRIKA

Azken boladan, hainbat nazioarteko ordezkarirekin biltzen ari da AEK-KORRIKA, munduko hizkuntza gutxituen inguruan aritzeko. Aspaldi ez dela, Escola Valenciana eta kitxuaren aldeko Kichwa Otavalo Kultur Elkartearekin aritu ginen, eta orain Bruselako flandestar komunitatearen delegazioarekin biltzeko aukera ere izan dugu.

Euskal Herrira etorri den ordezkaritza Brusela hiriburu-eskualdeko Assembly of the Flemish Community Commission-eko parlamentariek osatu dute. Batzarra AEK-ko Bilboko egoitzan egin zen, eta flamenkoak eta AEK-KORRIKAko ordezkariez gain, HABEko Jokin Azkuek ere hartu zuen parte.

Beraiekin landutako gaiak askotarikoak izan ziren: bi hiztun komunitateen ibilbide historikoa, soziolinguistika, irakaskuntza metodologia eta didaktika, hizkuntzaren babesa eta promozioa, eta KORRIKA, besteak beste. Ikasteko doakotasunaren gaia ere jarri genuen mahai gainean (Danimarkan, esaterako, doakoak dira hizkuntza-eskolak); eta, amaitzeko, elkarlanerako aukerak ere jorratu genituen.

Bilera amaitutakoan, flandestar talde txiki bat Lizardi AEK-ko A2 mailako eskola batean sartu ziren, eta ikasleekin hitz egiteko parada ere izan zuten.

KORRIKAren unitate didaktikoen bilduma, eskuragarri webgunean

Aspalditik (lasterketaren 14. ediziotik, hain zuzen ere), AEK-KORRIKAn unitate didaktikoak utzi ditugu irakasleen esku, ikastetxe eta euskaltegietan ekimenaren nondik norakoak zabaltzeko. Orain, artxibo lana egin ostean, bilduma osoa jarri dugu eskuragarri webgune honen "Korrikateka" atalean.

Euskaltegietako unitateak AEK-k berak sortu ditu; ikastetxekoenak, berriz, Ikastolen Elkartearekin egindako elkarlanaren emaitza dira.

Hemen dituzue, libreki erabiltzeko:
http://www.korrika.eus/eu/korrika/korrikateka#unitate-didaktikoak

BADON* opera garaikidea 23. KORRIKAren ekitaldi kultural nagusia izango da azarotik aurrera

Egitasmoa KORRIKA-AEK Kultur Sorkuntzarako I. Bekaren irabazlea izan zen; gaurko agerraldian, Ane Elordi Alburquerquek, KORRIKA koordinatzaileak, Bekaren II. edizioaren oinarriak ere aurkeztu ditu.

AEK-k aurreko edizioan aurreratu zuen bezala, hurrengo KORRIKAk ekarriko duen berrikuntzetako bat kultur lan baten ekoizpena izango da, Korrika Kulturalaren aterkiaren pean eskainiko dena. Horretarako, KORRIKA-AEK Kultur Sorkuntzarako I. Beka jarri zuen abian; eta gaur, apirilak 18, horren gaineko xehetasun gehiago eman ditu Azpeitian, Dinamoa Sormen Gunean egindako prentsa agerraldian.

Prozesu hau guztia BADON* izeneko lanean gauzatuko da; Ines Osinaga Urizar obraren sustatzaileak azaldu duenez, «opera garaikide» bat. «Hausnarketa-ikerketa-sorkuntza prozesu kolektibo eta kolektibizatu» baten emaitza dela dio Osinagak, «sinergiak eta diziplina arteko zubiak eraikiko dituenak». Formatuari dagokionez, artistaren esanetan, «interesatzen zaiguna da opera egitura “hackeagarri” bezala dela, etorkizun desiragarri bateko opera posdramatiko bat». Halaber, dramaturgiaz gain, «baliabide bisualak (argia, bideoa), zuzeneko musika (organikoa eta elektroakustikoa) eta baita mugimendua, literatura eta bertsoak ere izango ditugu BADON* unibertsoa sortzeko».

Ane Elordi Alburquerque KORRIKA koordinatzaileak, bere aldetik, horrela azaldu du ekimenaren xedea: «KORRIKAk euskal kulturaren sustapena ere badu helburu; betiere euskararen berreskurapena eta normalizazioa lortzeko asmoz». Hala, «ekimen honi esker, AEK-k kalitate handiko kultur eskaintza egin ahal izango dio Euskal Herriari, euskal kulturaren adierazpideak bazter guztietara eramanez».

Osinagarekin batera, prentsa agerraldian ere hartu dute parte Ane Abarrategi Zaitegik (Tipi Koop., EKEFIT prozesua eta espekulazio fasearen dinamizazioaren azalpena eman duenak) eta Xanti Agirrezabala Zeberio aktoreak (sorkuntza eta prototipazioaren gaineko azalpena eman duenak).

BADON* opera garaikidea Euskal Herri osoan zehar azarotik aurrera egongo da ikusgai, 23. KORRIKA aurkeztu eta gutxira.

KORRIKA-AEK Kultur Sorkuntzarako II. Bekarako lanak aurkezteko deialdia, zabalik

Gaurko agerraldian, I. Bekaren emaitzarekin batera, Kultur Sorkuntzarako II. Bekarako lanak aurkezteko deialdia ireki duela ere jakinarazi du Elordik. Oinarriek diotenez, beka-deialdian parte hartzeko dokumentazioa 2023ko urriaren 31rako aurkeztu beharko da, beranduenez.

Euskal sortzaile ororentzat izango da, diziplina anitz edo bakarra barnebil dezake, eta lanaren emanaldiek agertoki edo plaza batean aurkezteko modukoak izan behar dute.

Beka 23.000 eurokoa izango da, eta 24. KORRIKAko Kulturaleko egitarauaren barruan aurkeztuko da, 2025eko azarotik 2026ko apirilera, hain zuzen.

Informazio gehiagorako: https://www.korrika.eus/eu/korrika-kulturala/beka

 

Kitxuaren aldeko “KORRIKA” bat sortu nahi du Kichwa Otavalo Kultur Elkarteak

Kichwa Otavalo Kultur Elkarteak kitxuaren aldeko herri ekimen berria sortu nahi du, KORRIKAren antzekoa.

Bidaia horretan bidelagun nahi dute AEK-KORRIKA, eta hala adierazi ziguten atzo, martxoaren 27an. Izan ere, esperientziak partekatzeko asmoz bildu ginen beraiekin, AEKren Bilboko egoitzan. Ekimena gauzatuko balitz, KORRIKAren beste ahizpa bat litzateke, dagoeneko ditugunen modukoa.

Argazkian, Ane Elordi eta Tito Serrano KORRIKA koordinatzaileak Luis Alberto Conejorekin, Kichwa Otavalo Kultur Elkarteko ordezkariarekin.

Urtebete falta da 23. KORRIKArako!

Atzo izan zela dirudi, baina ia urte oso bat igaro da KORRIKAren 22. edizioari Amurrion hasiera eman genionetik, 2022ko martxoaren 31 horretan!

Azkar pasatu al zaizue, ala? Hobe! Horrela, 23. KORRIKArako geratzen den urtea ere azkar pasatuko zaizue! Izan ere, aurten hurrengo edizioaren prestaketan gabiltza buru-belarri: 2024. urteko udaberrian, martxoaren 14an, beste behin, Euskal Herri osoa zeharkatuko du ekimen zirraragarriak.

Nondik nora izango da oraingoan?
Zein herritatik igaroko da?
Zein pertsona edo talde omenduko du?
Nolakoa izango da abestia?

Gero eta gutxiago dago hau guztia jakiteko! Aurtengo azaroan orokortasun gehienak aurkeztuko ditugu, eta eta hortik aurrera hamaika kontu egongo direla 2024ko martxoaren 14ra arte iritsi bitartean.

Ez baduzue ezer galdu nahi, klika egin, eta ez ahaztu AEK-KORRIKA gure sare sozial eta kanaletan jarraitzea:

Herriz herri ikusiko dugu elkar! Laster arte!