Trixerta Korrika44 Trixerta Korrika44
KORRIKAren ahizpak: Arineketan, munduko hizkuntza gutxituei bultzada emateko

KORRIKAren ahizpak: Arineketan, munduko hizkuntza gutxituei bultzada emateko

Euskal kulturak munduari egin dion oparirik handienetarikoa KORRIKA dela ez du inork zalantzan jartzen egun. Lankidetzan eta sinergian oinarrituta, gure lasterketa erraldoiak euskararen alde egiten duen itzelezko lana bertan begiratzeko ispilu eta eredu askorentzat bada; hala nola, munduko beste hizkuntza gutxituentzat. Hala, gure KORRIKAn inspiratuta, euren herrietan ere antzeko egitasmoak gauzatu dituzte bretoiek, irlandarrek edo maputxeek, besteak beste. Benetan pizgarria, horrenbeste lan eta ilusioz egiten dugun zerbait besteentzat jarraibide dela jakitea!

  • Correllengua, katalanaren alde. 1993. urtean jazo zen antzeko ekintza bat Mallorkan, 1995.ean Valentzian eta 1996.tik aurrera Herrialde Katalan orotan. Lau zutabetan egindako lasterketa herrikoi multzo batean datza.
  • Correlingua, galizieraren alde. Esperientzia katalanaren antzeko ekimen hau 2000. urtean hasi zen, Dia das letras gallegas ekintzen artean bilduta. Azken edizioa 2022koa izan zen, eta 12 egun iraun du.
  • Ar Redadeg, bretoieraren alde. Gau eta egunez Bretainia zeharkatzen duen korrikaldia Euskal Herrikoaren isla da; lekuko, mezu sekretua eta guzti. 2022koa zortzigarren edizioa egin zuten eta 2022 kilometro izan zituen.
  • La Passem, okzitanieraren alde. Okzitania zeharkatzen duen lasterketa. Lehen edizioa 2018an izan zen. 2022an, ekainaren 2tik 5era izan da.
  • Rith, gaelikoaren alde. Irlandar irla osotik igarotzen den lasterketa da Rith. Seachtain na Gaeilge irlandar hizkuntzaren astean egiten da, 2010ean ekin zioten lehenengoa egiteari eta KORRIKAk eta Ar Redadeg-ek duten formatu berbera dauka.
  • Ras yr Iaith, galesaren alde. Ahizpa gazteenetarikoa, Galesena. Lehenengo edizioa 2014koa da; azkena, 2020koa. Gauean korrika egin ez, baina honek ere badu lekukoa eta mezua. Azkena 77 kilometro eginda eta hiru egunetan burutu zen.
  • Lefkantun, maputxeen mapuzugun hizkuntzaren alde. Mapuzuguletuaiñ elkarteak antolatutako lasterketa herrikoi hau iaz jaio zen, mapuzugun hizkuntzaren ofizialtasuna aldarrikatzeko.
  • Sprochrenner, Alsazieraren alde. KORRIKAk Alsazian ahizpa berri bat ukan du. Lasterketaren lehenengo edizioa 2020ko maiatzaren 31n abiatu zen eta 340 kilometro egin zituen. 2022an, ekainaren 4tik 6ra burutu zen.

KORRIKAren ahizpen inguruan gehiago jakin nahi baduzue, sar zaitezte web honen KORRIKA Munduan atalean!