Trixerta Korrika44 Trixerta Korrika44

Historia

Image

17. Korrika

  • Trebiñutik Donostiara
  • 2011ko apirilaren 7tik 17ra
  • Leloa: Maitatu, ikasi, ari... euskalakari!
ABESTIA:
Image
Euskalakarion kohesio-urtea.
 
Korrikaren 17. edizioa 2011ko apirilaren 7an hasi zen Trebiñun, eta, 2.507 km egin eta gero, apirilaren 17an amaitu zen Donostian, “Maitatu, ikasi, ari... Euskalakari” lelopean. Lekuko barruko mezuari dagokionez, Ilaski Serranok eta Kike Amonarrizek, ETB1eko Mihiluze saioko aurkezleek, irakurri zuten, Donostiako Bulebarrean bildu zen jendetzaren aurrean.

Euskal Herrian bizi dena euskal herritarra bada eta euskalduna euskaraz dakiena, nola deitu behar diogu euskara maitatu, ikasi eta erabili egiten duenari? Nola, euskaraz bizi denari?

AEK-k eta Korrikak horiei guztiei izena ipini nahi diete Korrika 17rekin: euskara maite duena, ikasten eta erabiltzen duena, EUSKALAKARIA* da:

Euskalakaria da lehenengo hitza euskaraz egiten duen dendaria. Euskaraz sortzen duen artista. Euskaraz diharduen lantegiko enpresaria. Euskara sustatzen duen herritarra. Euskararen aldeko neurriak hartzen dituen herri-ordezkaria. Euskaraz lan egiten duen kazetaria, kirolaria, iturgina…

Euskalakaria da hitz egin ez baina ulertzen duenari euskaraz egiten diona. Euskalakaria da ikasten ari dena, eta ikasten ari denarekin mintzo dena. Euskalakaria da haurrari dakien beste euskara egiten dion gurasoa.

Euskalakaria alaia da. Euskalakaria baikorra eta ekintzailea da. Euskalakaria bizizalea da.

Euskalakaria naiz ni. Euskalakaria haiz hi Euskalakaria da bera.

Euskalakariak gu gara. Euskalakaria zara zu. Euskalakariak zuek zarete. Euskalakariak haiek dira.

Korrika egiteko, grina eduki, oinez jakin eta abiatu egin behar da. Erortzeko beldurrik gabe. Euskaraz egiteko, maitatu, ikasi eta aritu egin behar da. Hanka sartzeko beldurrik gabe.

Tipi-tapa, tipi-tapa… Euskal Herria euskalduntzeko herritar bakoitzaren egitekoa, garrantzia eta protagonismoa aldarrikatu nahi ditugu.

17. KORRIKAren mezua


Tipi-tapa, tipi-tapa… Bakoitzaren abiapuntua zeinahi dela ere, herritar guztiak euskalakari izango diren Euskal Herria da Korrikaren azken helmuga. Euskal Herri euskalduna da AEKren azken helburua.

Maitatu, ikasi, ari… euskalakari!

* iz. / izond. Euskara maitatu, ikasi eta erabiltzen duena. 2. iz. / izond. Euskara erabiltzeko helburuz, euskara maitatuz, euskara ikasi, eta hobetzeko ahaleginak egiten dituena. Horretarako urratsak ematen dituena.

Omendua

Hizkuntza baten biziraupenerako beharrezkoa da hiztunek erabiltzen jarrai dezaten eta seme-alabei erakuts diezaieten baldintza egokiak sortzea. Baldintza horien artean, UNESCOk adierazten duenez, hitz egiten den hizkuntzaren sistema idatzia ezartzea eta modu ofizialean erakustea daude.

Euskaltzaindia, euskararen lurralde osoa aintzat harturik, euskal hizkuntzaz arduratzen den erakunde ofiziala da. 1919an sortu zenetik euskara babestea du xede, eta euskarari buruzko ikerlanak egiteaz gain, berari dagokio hizkuntzaren normalkuntzarako arauak ematea.

Euskaltzaindia euskararen egitura linguistikoa eta gramatikala eraikitzen aritu da sortu zenetik, eta 1968an euskara batuaren arauak zehazten hasi zen. Zalantza gutxi dago gaur egun euskara batuak euskararen biziraupenari eta erabilerari berari ekarri dien onurari buruz.

Euskara batuak jendartearen eta bizitzaren esparru moderno guztietan izan du eragina (hedabideetan, literaturan, zientzian, harreman pertsonaletan eta, nola ez, irakaskuntzan), eta horietan guztietan bermatu du bere erabilera. Eta euskalduntze lana bere osotasunean ulertuta (corpus gramatikala, sustapena, irakaskuntza eta erabilera), euskararen batasuna erabakigarria eta ezinbesteko tresna izan da.

Baina euskara batua sortzeaz gain, Euskaltzaindiak euskalkien ondarea jasotzen ere jakin du, dialektologiari buruzko hainbat ikerketa eta Euskararen Herri Hizkeren Atlasa izenekoa egin eta argitaratu dituelarik.

Zenbait gazte ausart. 17.KORRIKArako egindako dokumentala

Bestetik, ezin ahaztu Helduen Euskalduntze Alfabetatzea oro har, eta Korrika antolatzen duen AEK bera, nondik datozen. Ezin ahaztu Euskaltzaindiaren babesean sortu zirela, eta Rikardo Arregik 1966an alfabetatze taldeak sortzeko eskatzen idatzi zuen gutunetik hona, horrenbeste izan direla helduen euskalduntzean nabarmendu diren euskaltzainak. Horregatik guztiagatik, Korrikak eta AEK-k Euskaltzaindiak euskararen alde egindako lan eskerga omendu nahi dute Korrika 17rekin.

Lekukoaren ezkutuko mezua

Aurtengo mezuaren egileek, Kike Amonarrizek eta Ilaski Serranok, plazaratu dute lekukoaren barnean iritsitako testua Donostian; Trebiñutik atera eta 11 egunetara.

 

Korrika Kulturala

SEKULA BAI (Antzerkia eta Kabareta nahasten dituen lana)

HURA EZ DA LEKUA (Poesia, musika, pintura eta antzerkia biltzen dituen ikuskizuna)

HILEZINAK (Antzerkia)

GOSE (Musika)

BIRIBILKETA, Luma Beltza (Koldo Amestoy ipuin kontalaria)

ONGI ETORRI PUPU TA LORE (Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak)

XENTIMORIK GABE (Antzerkia eta musika)

LARRIA, KUTSAKORRA, MENDEBALEKOA – LKM (Antzerkia)

Euskalaketa eta Euskalaklip lehiaketak

Ibilbidea

Hemen dituzue Ikastolen Elkartearekin batera 17. KORRIKArako landu ditugun unitate didaktikoak.