Beste behin, Mutualiak e-Korrikako ipuinak liburua formatu digitalean kaleratu ditu eta, ahal bezain azkar, paperezko edizioan eskuratu ahal izango da. Hemendik deskargatu dezakezue.
Korrikaren 20. edizioan KORRIKA sortzaileei egin zitzaien omenaldia, eta horien artean Urtsa Errasti dago, Mutualiako presidentea. Hori dela eta, Mutualiak ere omanaldia egitea erabaki zuen. Dagoeneko e-Korrikaren 2 edizio egin dituzte. Mutualiako langileek idatzitako ipuina da (horietako asko euskaraz ikasten ari dira) eta gainera hainbat esparrutako pertsona esanguratsuen laguntza ere izan dute. Oraingoz edizio digitalean dago eskuragarri.
Aurten e-Korrikaren 3. edizioa egingo dute. Aurrekoetan bezala, lekukoa e-maila izango da eta Mutualiako langileen artean bidaiatuko du. Edizio honetan, e-Korrikak ibilbide birtuala egingo du Mutualiako egoitzetatik eta kilometro bakoitzean Mutualiako langileek euren lana eta euskara uztartzen dituen mezu bat idatziko dute. Amaieran, mapa bat argitaratuko dute ibilbidea eta mezu guztiekin.
Mutualiak hamarkada bat darama lanean euskara ere lan eta zerbitzu hizkuntza izan dadin, eta e-Korrika proiektua lan munduan euskararen erabilera bultzatzeko helburuarekin sortu zen.