Atzo martxoaren 8a izan zen, Emakumearen Nazioarteko Eguna. Hori dela-eta, aukera ezin hobea da gogora ekartzeko AEK-k 15. KORRIKAn euskal emakumeak omendu zituela.
Hauxe izan zen garai hartan (2007an, alegia) partekatu genuen testua:
Euskaraz hitz eginez, herri bat osatu dugu euskaldunok: Euskal Herria, euskararen herria. Mintzairak nortasunaren adierazgarri dira, eta guk, euskaldunok, euskaraz mintzatuz gure euskaldun izatea adierazten dugu, euskaraz hitz eginez Euskal Herria egiten dugu. Eta lan horretan EUSKAL EMAKUMEAK izan duen garrantzia eta ezinbesteko papera goraipatu nahi ditu Korrika 15ek.
Urtetako menderakuntza, jazartze eta zigorrei aurre egiteko eta euskal kultura eta euskara, belaunaldiz belaunaldi, gorde eta transmititzeko, euskal emakumeek izan dituzten indarra, adorea eta balioa omendu nahi ditu Korrika 15ek.
Garai desberdinetan zehar, emakumeak izan dira, euskararen aurka izan diren legeei aurre eginez, gure hizkuntza etxeetan gorde, atxiki eta ahoz aho iraunarazi dutenak. Dela gerra garaian, dela baserrian, dela itsasaldeko herrietan gizonak kanpoan zeudela..., euskal emakumea izan da euskararen gotorleku garrantzitsua. Eurek bermatu dute gaur arteko transmisioa eta ezkutuko lan hori ere azalarazi eta aldarrikatu nahi du Korrika 15ek.
Denbora aurrera joan ahala, eta Francoren diktaduraren edota Frantziako estatu jakobinoaren lege itotzaileek agindutakoaren kontra, ikastola, gau eskola edota euskara elkarteak sortu eta berauei eusteko prozesuan euskal emakumeak izan duen paperaren garrantzia inork ukatu ez arren, ezta ukatuko ere, Korrika 15ek paper horren garrantzia azpimarratu eta plazaratu nahi du.