AEK euskara praktikoa AEK euskara praktikoa
BADON* opera garaikidea 23. KORRIKAren ekitaldi kultural nagusia izango da azarotik aurrera

BADON* opera garaikidea 23. KORRIKAren ekitaldi kultural nagusia izango da azarotik aurrera

Egitasmoa KORRIKA-AEK Kultur Sorkuntzarako I. Bekaren irabazlea izan zen; gaurko agerraldian, Ane Elordi Alburquerquek, KORRIKA koordinatzaileak, Bekaren II. edizioaren oinarriak ere aurkeztu ditu.

AEK-k aurreko edizioan aurreratu zuen bezala, hurrengo KORRIKAk ekarriko duen berrikuntzetako bat kultur lan baten ekoizpena izango da, Korrika Kulturalaren aterkiaren pean eskainiko dena. Horretarako, KORRIKA-AEK Kultur Sorkuntzarako I. Beka jarri zuen abian; eta gaur, apirilak 18, horren gaineko xehetasun gehiago eman ditu Azpeitian, Dinamoa Sormen Gunean egindako prentsa agerraldian.

Prozesu hau guztia BADON* izeneko lanean gauzatuko da; Ines Osinaga Urizar obraren sustatzaileak azaldu duenez, «opera garaikide» bat. «Hausnarketa-ikerketa-sorkuntza prozesu kolektibo eta kolektibizatu» baten emaitza dela dio Osinagak, «sinergiak eta diziplina arteko zubiak eraikiko dituenak». Formatuari dagokionez, artistaren esanetan, «interesatzen zaiguna da opera egitura “hackeagarri” bezala dela, etorkizun desiragarri bateko opera posdramatiko bat». Halaber, dramaturgiaz gain, «baliabide bisualak (argia, bideoa), zuzeneko musika (organikoa eta elektroakustikoa) eta baita mugimendua, literatura eta bertsoak ere izango ditugu BADON* unibertsoa sortzeko».

Ane Elordi Alburquerque KORRIKA koordinatzaileak, bere aldetik, horrela azaldu du ekimenaren xedea: «KORRIKAk euskal kulturaren sustapena ere badu helburu; betiere euskararen berreskurapena eta normalizazioa lortzeko asmoz». Hala, «ekimen honi esker, AEK-k kalitate handiko kultur eskaintza egin ahal izango dio Euskal Herriari, euskal kulturaren adierazpideak bazter guztietara eramanez».

Osinagarekin batera, prentsa agerraldian ere hartu dute parte Ane Abarrategi Zaitegik (Tipi Koop., EKEFIT prozesua eta espekulazio fasearen dinamizazioaren azalpena eman duenak) eta Xanti Agirrezabala Zeberio aktoreak (sorkuntza eta prototipazioaren gaineko azalpena eman duenak).

BADON* opera garaikidea Euskal Herri osoan zehar azarotik aurrera egongo da ikusgai, 23. KORRIKA aurkeztu eta gutxira.

KORRIKA-AEK Kultur Sorkuntzarako II. Bekarako lanak aurkezteko deialdia, zabalik

Gaurko agerraldian, I. Bekaren emaitzarekin batera, Kultur Sorkuntzarako II. Bekarako lanak aurkezteko deialdia ireki duela ere jakinarazi du Elordik. Oinarriek diotenez, beka-deialdian parte hartzeko dokumentazioa 2023ko urriaren 31rako aurkeztu beharko da, beranduenez.

Euskal sortzaile ororentzat izango da, diziplina anitz edo bakarra barnebil dezake, eta lanaren emanaldiek agertoki edo plaza batean aurkezteko modukoak izan behar dute.

Beka 23.000 eurokoa izango da, eta 24. KORRIKAko Kulturaleko egitarauaren barruan aurkeztuko da, 2025eko azarotik 2026ko apirilera, hain zuzen.

Informazio gehiagorako: https://www.korrika.eus/eu/korrika-kulturala/beka