ANE ELORDI ALBURQUERQUE
Korrikaren koordinatzailea
Udabarrian, euskaldun eta euskaltzalez bete genduzan Donostiako kaleak. Beste behin, KORRIKAk euskal komunidadean eragitea lortu eban: 11 egun eta 10 gauez arineketan igaro genduan Euskal Herria, lekukoa eskurik esku, barruak estututa, euskeraz, euskeratik eta euskerearen alde. Baina, gitxienez, bi urterako itxaropenezko uholdea izan behar ebanak lanparra baino ez dau ekarri.
Urte erdi geroago, udagoienean, itxaropena berbiztu eta Euskaraldian murgildu gara. Horregaz batera Pantailaldia eta Gaztealdia be etorri dira; egun gitxi batzuetan, euskereak jente-arteko hainbat esparrutan presentzia hartu izan dau. Ahobizi eta belarriprest izan gara, eta abenduaren 2a heldu orduko txapa kentzeako ariketea egin dogu. Soinean txapak eragiten dauan zama izugarria izan daiteke batzuentzat; beste batzuk, barriz, aldekoa kenduta be, "txapa emoten" jarraitzen dogu.
Egun bat beranduago, Euskerearen Nazinoarteko Egunean, herriz herri batu ginan gure hizkuntza gitxitu exotikoaren aldarri egin eta jai giroan ospatzeko. Baina ba al dago zer ospatu? Nik neuk ez dot uste. KORRIKAn pozez eta emozinoz zeharkatu genduan Euskal Herria, Euskaraldian ahoak inozko bizien izateko ahalegina egin genduan, baina ez da nahikoa. Urteak 365 egun ditu eta horreetako bakotxa zor deutsagu euskereari. Agerikoa da, askoz gehiago behar dogu. Horren erakusle dira Soziolinguistika Klusterrak egindako erabilerearen gaineko azken kale neurketen datuak, inguruko arnasguneetan be itoten hasi gara. Pandemia bat garaitu dogula sinistu arren, beste izurrite bat jabilku eraso egiten, erdal birusa.
Baina itolarria arintzeko hainbat ekitaldi izan doguz egunotan, tartean, Durangoko Azokea, euskerearen eta euskal kulturearen oasia, gure Meka. Bost egunez euskal kulturearen erdigunea izan da, eta, bide batez, belarriak gozatzeko be balio izan deusku, barrua lasaitzeko. Batean kale, bestean bale. Ez gaitezan bost eguneko loraldiaz ase, ezta zorioneko aurkikuntza arkeologikoez be. Beharrezkoak doguz horreek guztiak, baina ez dira nahikoa. Eta Joseba Sarrionandiari hontsu irakurritakoagaz bat egiten dot: "oso guai dagoz Euskaraldiak erdaraldian, baina euskaldunok dana dogu egiteko". Euskaldunok, guk geuk, irauli behar dogu bizi dogun erdaraldia. Euskaldun zaharren garaia da: aparteko esfortzurik barik, ikasi barik, euskerea berez jaso dogunok eutsi behar deutsagu hizkuntzeari. Errazegia litzateke hizkuntzearen geroa, bakarrik, instituzinoen esku ixtea, inoren esku ixtea. Geure konpromisoa eta ardurea da.
Zalantzarik barik, bidelagun izan behar doguz geurera hurreratzen diranak. Baina euskaltegietan ikasten dabizan horreei eskatzen deutsegun beste exijdu deutsagun geure buruari be. Ez daigun euskerearen biziraupena euskera ikasle eta hurrengo belaunaldien esku itxi, guztion baturak ekarriko dau oparotasuna. Gazteak izan ohi dira sarri jomuga, baina eskaini be egin behar jakie: hizkuntza bizi, gozo eta erakargarria. Eskola eta eremu formaletatik kalera jauzi egingo dauan euskerea, sare sozialak astindu eta pantailak hartuko dituana. Gure esku dago txapak kendu arren txipak aldatzea.
Beharrezkoa da hizkuntzearen ezagutzearen unibersalizazinoa, eta ezagutzak ekarriko dau erabilerea. Etiketetatik harago, euskaldun zahar zein barri, hizkuntzeak berak gorputza behar dau, gu behar gaitu. Bihur daitezala belarriprestak ahobizi eta euskaradunak euskahaldun. Guztion ahalegina behar da.
Dakigunok egin eta albokoari eginarazo. "Ekin, hitzekin eta ekintzekin!".
(BEGITU aldizkarian argitaratua).