Hautatu hizkuntza

AEK

00
MOD_JOCOUNTDOWN_DAYSS
00
MOD_JOCOUNTDOWN_HOURSS
00
MOD_JOCOUNTDOWN_MINUTESS
00
MOD_JOCOUNTDOWN_SECONDSS
Egin zaitez laguntzaile era gozatu eskaintzen dituen abantailez NOLA?
NOLA?
24. KORRIKAk euskara garela erakutsiko du Atharratzetik Bilbora

24. KORRIKAk euskara garela erakutsiko du Atharratzetik Bilbora

Euskararen herria denentzat aterpe ireki eta zabala da

AEKk antolatuta, Euskara gara lelopean, euskararen herria zeharkatuko du 24. KORRIKAk martxoaren 19tik 29ra, Atharratzetik Bilbora. Omendua, bestalde, Errigora izango da. Laguntzaile kanpaina ere abian jarri da ―hau da, Korrikari babesa adierazteko ekimena―, eta Korrikaren doako aplikazioa, berriturik, eskuragarri dago gaurtik aurrera.

KORRIKAren 24. edizioaren aurkezpen-ekitaldia egin du gaur goizean AEKk, Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean. AEKko kideekin batera, Korrikaren bidelagunak eta Gasteizko euskalgintzaren lagin bat ere bildu dira ekitaldira; ondoren, argazki jendetsua atera dute, euskara herritar guzti-guztiontzat aterpe ireki eta erosoa dela adierazteko.

Oraingo honetan, euskararen aldeko mobilizaziorik handiena Atharratzen hasiko da, martxoaren 19an; gero, hamar gauren eta hamaika egunen buruan, Bilbon amaituko da. Bertan, lekuko barruko mezu sekretua irakurtzeaz gain, egun osoko jai-egitarauaz gozatzeko parada izango da.

Ane Pedruzok eta Jon Basagurenek gidatu dute aurkezpen-ekitaldia, non AEKren Nazio Kontseiluko kide Maialen Begiristain Grado eta Lurdes Etxezarreta Artabe igo diren oholtzara.

Begiristainek, lehenik, azpimarratu du KORRIKAren 24. edizioak erakusten duela euskara herritar guzti-guztiontzat aterpe ireki eta erosoa dela: “Berdin da zer jatorri, zein azal-kolore, euskararen inguruko nolako ezagutza... Garrantzitsuena da guztiontzako lekua dagoela, eta bertan, euskararen baitan, guztion artean eraikita, azkenean aurkituko dugula gizarte-zapalkuntza orotatik babestuko gaituen komunitate berdinzale eta zabala, gure herrian, euskararen herrian, mundu oso bat sartzen baita”.

Etxezarretak, bere aldetik, hiru mezu helarazi dizkio jendarteari. Batetik, Begiristainen hitzen ildotik, euskara ardatz duen komunitatean eroso eta aske bizitzeko nahia: “Euskal Herri euskalduna, feminista, antiarrazista eta goxoa izango delako gurea”. Bigarrenik, presa: “Helburu dugun Euskal Herria lortzeko, ezin dugu ezer geroko utzi; orain da unea”; eta zera gehitu du: “Larrialdi linguistiko bete-betean gaude, eta ziklo berri bat abiatu behar dugu, inguruari eta gaur egungo aldaketei so eginda”. Hirugarren mezua instituzioei helarazi die. Euskararen ekosistema babestu eta indartzeko, “hizkuntza-politika ausarta eta sendoaren beharra” aipatu du.

Euskara gara

Ondoren, Korrikaren mezua azaltzeko, Korrika arduradun Ane Elordi Alburquerquek hartu du hitza.

Euskara gara leloak jendartea du helburu: “Euskarak denok bil gaitzake, euskara ez baita muga, arnasa baizik. Euskara zubi gisa landu behar da. Euskal herritar guztion hizkuntza komuna izan dadin nahi dugun heinean, kohesio sozialerako tresna ere izango da”. Euskarak jendarteari arnasa ematen diola aipatu du: “Euskal Herriak arnasa berria behar du; euskararen herrira jauzi egin nahi duten guztien herria gara, berton jaioak izan zein kanpotik etorri. Euskara da gure arnasa, elkarren zaintzaren hizkuntza, justizia sozialaren hizkuntza...”.

Errigorari gorazarrea

24. KORRIKAk Errigora omendu nahi du; Korrikak aitortza egin gura dio euskaratik, euskararentzat eta euskaraz lanean ari den ekimen herritarrari egiten ari den ahaleginarengatik, eta babesa ere adierazi nahi dio aurrera jarrai dezan bultzatzeko. Elordik adierazi legez, “Nafarroan, euskara ofiziala ez den eremuetan, euskalduntzean egiten duen esfortzua aintzatzeko era da, baita etorkizunerakoan hauspoa emateko ere”.

Era berean, Elordi esker onez agertu da Korrika Laguntzaile eta Korrika egiten laguntzen duten guztien aldera, baita Gasteizko euskalgintzatik bertaratu diren kide eta euskaltzaleen aldera ere: “Guztioi esker, EUSKARA GARA”.

Aurkezpenari amaiera emateko, arduradun nagusiak lekukoa altxatu du, eta AEKren Nazio Kontseiluko kideekin batera (Maialen Begiristain, Lurdes Etxezarreta, Bixente Claverie, Xabi Gartzia eta Aize Otaño), Korrikaren deiadarra aditzera animatu du jendartea. Izan ere, aurkezpen honekin batera piztu da Korrikaren garra, eta, euskararen aldeko lasterketa martxoan izan arren, bitartean hamaika hitzordu egongo dira, Korrika Kulturala kasu. Hala, Kaka antzezlana —Korrika-AEK Kultur Sorkuntzarako II. Bekaren irabazlea— izango da ikuskizun nagusia. Hilaren 19an estreinatuko da Donostiako Antzoki Zaharrean; ondoren, hainbat herritan ikusteko aukera izango da.

Eraman Korrika poltsikoan

Korrika doako aplikazio berritua ere gaurtik aurrera egongo da eskuragarri, Android eta IOS sistema operatiboentzat.

Korrika dendak, zabalik

Hiriburuetako Korrika dendak eta online-denda gaurtik aurrera egongo dira irekita. Bertan izango dira salgai arropa, bizkarrekoa eta bestelako osagarriak.

Ekitaldia bukatutakoan, familia-argazkia atera dute Gasteizko euskalgintzaren lagin batek* eta AEKko kideek. 

Gasteizko euskalgintza (23.Korrikan parte hartu zuten eragile batzuen ordezkariak): Alea, Artepan, Mendia Optika, Gasteiz Kantuz, Geu Elkartea, Hala Bedi Irratia, Jimmy Jazz aretoa, Armentia ikastola...  

Egin zaitez laguntzaile

Korrika laguntzailea izatearen abantailak

  • Astero, zozketak egingo ditugu LAGUNTZAILEEN artean... 300 sari baino gehiago...

  • Oro har, KORRIKAren ekimenetan lehentasuna edo deskontuak izango dituzu.

  • Deskontuak ere AEK-ko ikastaroetan. AIZU! Aldizkariko harpidetzan...

  • Eta, aldiro-aldiro, gure berri jasoko duzu KORRIKA laguntzaileentzako buletinaren bidez.

...eta garrantzitsuena, KORRIKAren parte zara, zure laguntzarekin egingo dugulako aurrera.

Egin zaitez laguntzaile

Eskerrik asko!