Hautatu hizkuntza

Bilbon jaia piztuko da 24. KORRIKAri amaiera emateko

Bilbon jaia piztuko da 24. KORRIKAri amaiera emateko

Bilboko udaletxean bukatuko da KORRIKAren 24. edizioaren 2750 kilometroko eta 3436 lekuko-hartzeko ibilbidea hilaren 29an. Bizkaiko hiriburu osoa zeharkatu ondoren, Udaletxeko zubitik sartuko da karabana koloretsua. Amaiera-ekitaldia bertan izanen da, eta, segidan, festarako tenorea helduko zaie bertaratutakoei.

Igandeko bukaera-egun handia aurkezteko, KORRIKAren ordezkariek prentsa-agerraldia egin dute gaur Bilboko Kalderapeko Kulturgunean. Deialdia egin dute Euskal Herriko txoko guztietako jendea bertara dadin, eta, era berean, ustea adierazi dute hitzordu ederra izanen dela Bilboko herritarrentzat nahiz eragileentzat, euskararen aldeko lanean segitzeko akuilua.

Amaiera-ekitaldia Ernesto Erkoreka plazan (Udaletxean) ospatuko da. Lekukoa 12:30erako iritsiko dela aurreikusita dago, AEKko kideen eskutik eta azken lekuko-hartze nazionalak egin ostean. AEKko kideek mezu-egilearekin batera egingo dituzte euskararen aldeko ekimenaren azken urratsak Venezuela plazatatik. Une horretan ezagutuko dugu, beraz, eskuz esku, kilometroz kilometro, Atharratzetik Bilbora joan den lekukoaren barruko mezu sekretuaren egilea nor den, eta, noski, baita mezuaren beraren edukia ere Udaletxera iritsitakoan.

Bestalde, azken eguneko arduradun Iraitz Zuluagak eta Irati Manzisidorrek aipatu dute ekitaldiak hainbat gunetan egonen direla publiko-mota guztiei begira. Haien artean LaBasu, Añube, Bele eta Mixerabliak bezalako artistek kontzertuak eskainiko dituzte. Bestalde, egunean zehar hainbat ekintza antolatu dira: azoka, herri kirolak, herri bazkaria, erakusketak, besteak beste.

Egitaraua hemen.

Amaitzeko, bi ohar garrantzitsu: batetik, AEK-k berariazko protokoloa ezarri duela martxoaren 29a eraso sexista, arrazista eta homofoborik gabeko eguna izan dadin; bestetik, ahal den neurrian, garraio publikoa erabiltzeko gonbita.