Trixerta Korrika44 Trixerta Korrika44
Hamar eguneko lasterketa baino gehiago

Hamar eguneko lasterketa baino gehiago

Aurreko asteburuan, Ane Elordi Alburquerque Korrika arduradunak VI. Forum Subiranistaren Eskolan parte hartu zuen. Ekitaldiak, Gironan egina, Europa mailako hizkuntz eskubideak izan zituen hizpide. Bertan, Elordirekin batera, Josep Buades (Joves de Mallorca per la Llenguako bozeramailea), Montserrat Cassacuberta (Bretainiar Batasun Demokratikoaren ordezkaria), Fernando Ramallo (Vigoko Unibertsitateko Hizkuntzalaritza irakasle titularra) eta Albert Lloreta kazetaria mahai-inguru batean aritu ziren, inperialismo linguistikoaren aurkako borrokaz, herri-mobilizazioaz, hiztun berrien parte-hartzeaz eta teknologia berrien rolaz.

Aurreko astean Euskararen Nazioarteko Eguna izan zela gogorarazita hasi zuen Elordik bere mintzaldia, eta, datu soziolinguistikoak emateaz gain, egoera larri baten aurrean gaudela adierazi zuen, Kontseiluaren azken interpretazioen ildotik. Haren hitzetan, “Gure hizkuntzaren erabileran, atzeraldia izaten ari da, non eta euskara gehien erabiltzen den guneetan. Orotara, hiztunen % 17,5ek soilik erabiltzen du euskara gaztelania bezainbeste edo gehiago; alegia, gizarte-erabilera zeinak hizkuntzen osasun-egoera azaltzen baitu ahula da”.

Halaber, gure hizkuntzaren aurkako oldarraldia izan zuen hizpide: euskararen kontrako epaien berri eman zuen, argi utzita horiek gure hizkuntzaren aldeko hizkuntza-politikak arrisku larrian jartzen dituztela; halaber, salatu zuen horrelako ebazpenek Europako Hizkuntza Gutxituen Gutuna bera ere ipintzen dutela ezbaian.

Korrika koordinatzaileak gehitu zuen oldarraldi judizialak dimentsio politikoa eta mediatikoa barnebiltzen dituela, eta, hala, diskurtso aldrebesak euskararen aldeko neurriak diskriminazioarekin lotzen dituztenak piztu eta areagotzen dituela. “Irmotasunez heldu beharreko premiazko afera politikoa da”, aldarrikatu zuen.

Horregatik guztiagatik, Elordik azpimarratu zuen zein garrantzitsuak diren Korrika eta antzeko ekintzak. Horrez gain, atzera begiratu eta 1. KORRIKA zein egoeratan sortu zen gogoratu zuen: “Garai hartan, AEKn gure ikasleen matrikularen erdia-edo hartzen genuen geure gain, eta horrek galerak ekarri zizkigun”. Korrika herri-mugimenduaren guraritik sortu zuela gehitu zuen, jendarteak gogo bizia baitzuen euskarak biziraun zezan.