24. KORRIKA abiatzeko hilabete eskas falta den honetan, dagozkion edariak aurkeztu dituzte Biosasun, Biba Ardoak eta Basque Beer ekoizleek eta Korrika arduradun Ane Elordik. Edariak hainbat tabernatan egongo dira, online salgai, baita Korrikaren bukaeran -Bilbon- ere. Salmentaren zati bat Korrikari emango diote.
Orain dela edizio batzuk sortu zen Korrika edarien ideia, bertoko ekoizle batzuen eta AEK-Korrikaren beraren eskutik, Euskal Herriko zaporeen aniztasuna eta euskara elkartzeko asmoarekin.
Biosasunekin, lehen aldiz elkarlanean
Nafarroako hegoaldean - Deikaztelun- sortutako marka honek olibondoak landuz jarri zuen martxan bere proiektua, eta gaurdaino hainbat produktu plazaratu ditu, denak ekologian oinarrituta; tartean, hamaika zaporetako konbutxa. Hain zuzen, horixe izango da Biosasunen ekarpena: Korrika konbutxa, 500ml-ko botilatan eskuragarri.
Konbutxaren eta edari probiotikoen propietate onak aipatu ditu, Eusebio Gaintza ekoizleak: “Olioak zein gure edari eta konbutxek hamaika onura dituzte. Nafarroa hegoaldetik Euskal Herri osora zabaldu nahi dugu mimoz eginiko proiektua”.
Biba Ardoak kooperatiba beste behin Korrikarekin bat
Kalitatearen eta molde ekologikoen alde egiten duenez, Korrikak harekin lankidetzan jarraitzea berretsi du hirugarren aldiz. Aurreko urteetako esperientzia oinarri hartuta, lau ardo eskainiko ditu aurten Bibak: zuria, beltz gaztea eta bi ondu. Euskal Herriko hainbat txokotako ardoa ekoizten du Bibak, eta horietako lau dastatzeko aukera izango dugu Korrika guneetan.
Arturo Villanuevak, zuzendari komertzialak, esan duenez, “euskara eta nekazaritza
ekologikoarekin konpromiso handia erakutsi duten mahastizainek ekoiztu dituzte”: Bargotako Biurko Gorri mahasti-upategiko Llorens anaiek eta Lakarreko Lezaun anaiek. Horrez gainera, Korrika Kulturalaren barruan dastaketak eta mahasti-upategietara bisitak ere eskainiko ditu.
Biba Ardoakek eta Korrikak baloreak partekatzen dituztela azpimarratu ditu Villanuevak: “euskara, ikuspegi nazionala, auzolana, elikadura burujabetza eta ekonomia sozialaren baloreak partekatzen ditugu”.
Korrika garagardoak Basque Beer-en eskutik
Bertoko hainbat garagardogile biltzen ditu Euskal Garagardoak, eta lau garagardo-mota eskainiko dizkigute: argia, iluna, berezia eta alkoholik gabea.
Hiru garagardo-lantegi aritu dira Korrikarekin: BOGA (Mungia), GROS (Donostia) eta BÝRA (Langraitz-Oka).
Olatz Atelak hartu du hitza Basque Beer markaren izenean: “Gure lurreko garagardotegi guztiak biltzen ditu Basque Beer-ek. Bertoko ekoizpena babesten duen marka gisa, bat egiten dugu AEK eta Korrikarekin, gure hizkuntza eta gure produktuak babesteko konpromisoan sinesten dugulako”
Edari guztiak Euskal Herriko hamaika tabernatan egongo dira aurki, baita Korrikaren amaieran ere Bilbon. Gainera, haien webguneetan online erosteko aukera egongo da. Gainera, ekoizleek produktuen salmentaren zati bat KORRIKAri emango diote, ekarpen gisa.
Eska ezazu zure edaria eta egin topa 24. Korrikaren alde!

