Hautatu hizkuntza

Korrika Munduan: euskararen aldeko lasterketa, mugarik gabe

Korrika Munduan: euskararen aldeko lasterketa, mugarik gabe

Euskarak ez du mugarik, eta horren adibiderik ederrenetakoa da Korrika Munduan ekimena

Euskal Herritik harago, munduko txoko askotan antolatzen diren Korrikek helburu bera dute: euskara ikusaraztea, euskal komunitatea aktibatzea eta hizkuntzaren aldeko aldarria plazara ateratzea, kilometroz kilometro. Era berean, munduan barrena, KORRIKAk Ahizpa Txikiak ditu, eta aurten hiru hitzordu izango ditugu: bretoieraren, okzitanieraren eta katalanaren alde.

Etxapare Institutuarekin elkarlanean, bideo-lehiaketa antolatu da eta munduko Euskal Etxeek eta nazioarteko unibertsitateetako irakurletzek hartuko dute parte. Bestalde, AEK-KORRIKAk mezu bat zabaldu nahi du munduko bazter guztietan, eta, horri begira, ahalik eta hizkuntza gutxiagotu gehienetara itzuli nahi du.

 

Zer da Korrika Munduan?
Korrika Munduan Euskal Herritik kanpo antolatzen diren Korrika herrikoiak dira, bertako euskal etxeek, euskara ikasleek, irakasleek eta laguntzaileek sustatuak. Formatu txikiagoan izan arren, esanahi handiko ekimenak dira: euskararen aldeko mezua mundura zabaltzen dute, eta diasporako euskaldunak saretu.

Bat egin Korrikarekin! Euskal Herritik kanpo bizi bazara, edo diasporako komunitate baten parte bazara, Korrika Munduan antolatzeko edo parte hartzeko aukera badago. Jarri Korrikarekin harremanetan: This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

Ikusi hemen munduan zehar antolatutako ekimenen inguruko informazioa.

Ezagutu Korrikaren Ahizpak!
KORRIKAn inspiratuta, hainbat hizkuntza gutxituk antzeko egitasmoak sortu dituzte, Korrikaren Ahizpak, alegia.

2026an hiru hitzordu egongo dira:
- Katalanaren aldeko Correllenguarekin, apirilaren 19tik maiatzaren 5era.
- Okzitanieraren aldeko La Passemekin apirilaren 30etik maiatzaren 9ra.
- Bretoieraren aldeko Ar Redadegekin, maiatzaren 8tik 16ra.

Hiru Ahizpa hauek 24.KORRIKAn parte hartzea aurreikusita dago eta lekukoa eramango dute Bilbon. Era berean, Korrikak azken jaian -martxoak 29- izango dituen guneetako bat eskainiko die Munduko lagunei: Etxepare gunea, alegia. Plaza Barrian kokatuta egongo da.

Hemen informazioa.

Erronka: AEK–KORRIKAren mezua mundu osoko KORRIKAren lagunei
24. KORRIKAk hizkuntza-komunitatea ekarri nahi du lehen lerrora. Hizkuntza gutxituek gero eta erronka handiagoa dute hiztunak zein hitz egiteko espazioak eskuratzeko edo orain artekoei eusteko; horregatik, ezinbestekoa da komunitatearen pertenentzia —identitatea— hizkuntzarekin izaniko gozamenezko bizi-esperientziei lotzea.

Hauxe da, hain zuzen ere, AEKren xedea: Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso bizitzea, eta egoera berbera nahi luke munduko hizkuntza gutxiagotu guztientzat. Hori dela eta, mezu bat zabaldu nahi du munduko bazter guztietan, eta, horri begira, ahalik eta lengoaia gutxiagotu gehienetara itzuli nahi du. Beraz, horra hor erronka mundu osoko Korrika lagunontzat!

Hemen itzuli beharreko mezua/testua eta informazioa.

Bideo-lehiaketa, Etxepare Institutuarekin elkarlanean
Mundu osoko ikasleek euskararen aldeko aldarriak bidaliko dituzte bideo formatuan. AEKren YouTubeko kanalean jarri ditugu ikusgai; eta ikusleek gustukoenen alde bozkatzeko aukera dute.

5. aldiz antolatu da bideo-lehiaketa, Etxepare Institutuaren eskutik. Bi kategoria izango ditu: batetik, munduko Euskal Etxeetatik bidalitako bideoak, eta bestetik, nazioarteko unibertsitateetako irakurletzetatik jasotakoak.

Hemen sariak, oinarriak, eta lehiaketaren inguruko informazio guztia.