Bourse
Kultur sorkuntzarako II. beka: oinarriak
AEK-k, KORRIKA kulturalaren bidez, lan bat sarituko du bi urterik behin; euskal sortzaile ororentzat izango da, diziplina anitz edo bakarra barnebil dezake, eta lanaren emanaldiek agertoki edo plaza batean aurkezteko modukoak izan behar dute.
-
Bekaren xedea da euskal kulturaren baitako sormen-lanak bultzatzea, eta KORRIKA kulturaleko ekitaldi nagusia taxutzea.
-
Beka 23.000 eurokoa izango da, eta 24. KORRIKAko kulturaleko egitarauaren barruan aurkeztuko da, 2025eko azarotik 2026ko apirilaren 2ra, hain zuzen.
-
Proposamenak 2023ko apirilaren 18tik 2023ko urriaren 31ra bitartean aurkeztu beharko dira.
KAKA antzezlana, II. bekaren irabazlea
Euskal kulturaren oholtzan kaka mokordo bat agertu da.
Kaka azaleratu da eta egoeraren analisi bat egin behar da.
Nork egin du? Noiztik dago hor? Zer irudikatzen du?
Eta orain, zer egiten da kaka honekin? Noren ardura da?
Nori tokatzen zaio marroi hau argitzea? Garbitzea?
Kakak kaka dakar eta pentsatzen jarrita…
Mundua nolakoa litzateke bakoitza bere kakaren jabe egingo balitz?
Norbanako, kolektibo edo herri moduan batzen gaituen baina ezkutatzen dugun
guzti horren azaleratze festa bat da KAKA.
Hain tabua den gai hau aitzakiatzat hartuta, beste hainbat tabu eta konplexuez hitz egiten duen antzezlana izango da KAKA. Komedia honetan, ikusle oro sentituko da islatuta, edozein pertsonak izan dezakeen onarpen beharraren ertzak modu intimo, ganberro, jostari bezain probokatzailean agerian jarriko dira.
KAKA antzezlana Euskal Herri osoan zehar azarotik aurrera egongo da ikusgai, 24. KORRIKA aurkeztu eta gutxira.
Badon* proiektua, I. bekaren irabazlea
BADON* opera garaikide bat da. Hausnarketa-ikerketa-sorkuntza prozesu kolektibo eta kolektibizatu baten emaitza eta sinergiak eta diziplina arteko zubiak eraikiko dituenak.
Formatuari dagokionez, baliabide bisualek (argia, bideoa), zuzeneko musikak (organikoa eta elektroakustikoa) eta baita mugimenduak, literaturak eta bertsoek ere osatuko dute BADON* unibertsoa.
BADON* opera garaikidea Euskal Herri osoan zehar azarotik aurrera egongo da ikusgai, 23. KORRIKA aurkeztu eta gutxira.