Trixerta Korrika44 Trixerta Korrika44
Denok Baionarat, 23. KORRIKAren azken jaira!

Denok Baionarat, 23. KORRIKAren azken jaira!

Baionako Askatasun plazan bukatuko da KORRIKAren 23. edizioaren 2.700 kilometroko ibilbidea, hilaren 24an. Lapurdiko hiriburu osoa zeharkatu ondoren, Santizpirita zubitik sartuko da karabana koloretsua. Amaiera-ekitaldia bertan izanen da, eta, segidan, festarako tenorea helduko zaie bertaratutakoei.

Hilaren 24ko bukaera-egun handia aurkezteko, KORRIKAren arduradunek prentsa-agerraldia egin dute gaur, euskaldunentzako gune biziki ikoniko batean: Baionako Patxa plazan. Deialdia egin dute Euskal Herriko txoko guztietako jendea bertara dadin, eta, era berean, ustea adierazi dute hitzordu ederra izanen dela Baionako herritarrentzat nahiz eragileentzat, euskararen aldeko lanean segitzeko akuilua.

Amaiera-ekitaldia Askatasun plazan izanen da, herri-etxearen (udaletxearen) parean. Lekukoa 12:30erako iritsiko dela aurreikusita dago, azken kilometro nazionalak egin ostean. Une horretan jakinen dugu nor den lekukoaren barruko mezu sekretuaren egilea, eta, noski, baita mezuaren beraren edukia ere. Ekitaldi nagusiaren aurkezlea Pantxika Maitia izanen da, Kanaldude telebista-katearen aurpegi ezaguna.

Bestalde, azken eguneko arduradun Ibai Capot Thornary-k azaldu du “kasik dena prest dela” Baionako jairako eta ospakizunak egun osoa iraunen duela. Festa “handia” prestatu dute auzolanean, “KORRIKAk merezi duen modukoa”; elkarlanean aritu da, halaber, Baionako eta Ipar Euskal Herri osoko antolaketa-taldea: ekitaldiak hainbat gunetan egonen dira sakabanatuta, publiko-mota guztiei begira, egitarauan Iparraldeko kultur eragileen parte hartzea lehenetsita. Haien artean Ibil Bedi, Anje Duhalde, Patxaranga elektrotxaranga eta Pontx pailazoa izanen dira, besteak beste.

Jean René Etchegaray Baionako alkateak ere parte hartu du prentsaurrekoan. Nabarmendu nahi izan du, edizio honetan bereziki, hiri osoa aritu dela buru-belarri KORRIKAren alde.

Amaitzeko, bi ohar garrantzitsu: batetik, AEK-k berariazko protokoloa ezarri duela martxoaren 24a eraso sexista, arrazista eta homofoborik gabeko eguna izan dadin; bestetik, ahal den neurrian, garraio publikoa erabiltzeko gonbita. Hala ere, autoz joanez gero, antolatzaileek Ametzondo merkataritza-gunean aparkatzeko gomendioa bota dute; bertatik autobusa hartu ahal izanen da, 5 minutuan Baionako erdigunera heltzeko. Horrez gain, bakoitzak bere edalontzia ekar dezala, eta txartelak (tiketak) bankuko txartelarekin ere erosten ahalko direla.

Informazio gehiagorako, ikus korrika.eus web-orriko azken jaiaren atal berezia:

Herri-bazkarian jateko txartelak (plater nagusia, zikiroa), helbide honetan eros daitezke.

Igandean denok Baionarat, 23. KORRIKAren azken jaira!

Egin zaitez laguntzaile

Korrika laguntzailea izatearen abantailak

  • Astero, zozketak egingo ditugu LAGUNTZAILEEN artean... 300 sari baino gehiago...

  • Oro har, KORRIKAren ekimenetan lehentasuna edo deskontuak izango dituzu.

  • Deskontuak ere AEK-ko ikastaroetan. AIZU! Aldizkariko harpidetzan...

  • Eta, aldiro-aldiro, gure berri jasoko duzu KORRIKA laguntzaileentzako buletinaren bidez.

...eta garrantzitsuena, KORRIKAren parte zara, zure laguntzarekin egingo dugulako aurrera.

Egin zaitez laguntzaile

Eskerrik asko!