Trixerta Korrika44 Trixerta Korrika44

Historia

Image

14. Korrika

  • Orreagatik Bilbora
  • 2005eko martxoaren 10etik 20ra
  • Leloa: Ni ere bai
ABESTIA:
Image
Euskalduna naiz eta harro nago!
 
Korrikaren 14. edizioa 2005eko martxoaren 10ean hasi zen Orreagan, eta, 2.350 km egin ostean, martxoaren 20an amaitu zen Bilbon, “Euskal Herria euskalduntzen. Ni ere bai!” lelopean. Omendua Andolin Eguzkitza zena izan zen, beren burua euskalduntzeko erabakia hartu duten milaka pertsonen ordezkari gisara; musikan, aldiz, Afrika Bibangen “Ni ere bai” kantuarekin, soul erritmoaz egin zuten korri. Tere Irastorzak idatzi zuen lekukoak zekarren mezua.

14. KORRIKAren mezua

Euskara guztiona da eta guztiontzat izan behar du. Hori ukatuko duenik ez da geure artean. Baina guztiona izate horrek, guztiontzat izan behar izateak, geure, norberaren, bihurtzen du euskararen arazoa. Geurea, norberarena izateak, norbanakoaren konpromiso zehatza eskatzen du, gutariko bakoitzak berea dena zaintzen hartu behar duen konpromiso pertsonala. Gaurko egoeran, euskararen etorkizuna nola edo hala bermatuko badugu, bakoitzak, geure aldetik, eskura
dugun guztia jarri behar dugu helburua erdiesteko. Bukatu dira jadanik erantzukizuna besteen lepo uzteko garaiak. “Nik nahiko nuke, baina herrian ez da egiten”, “saiatzen naiz baina, administrazioek ez didate laguntzen”, “administrazioetatik ahalegintzen gara, baina herritarrek ez dute erantzuten”, “ez dago diru nahikorik”, “denona bai, baina ez dagokit niri horretaz arduratzea” eta batez ere, “nik ez dakit, baina nire seme-alabek egingo dute" esan-entzun horrekin ez goaz inora, ez dugu urrats eraginkor bakar bat ere egiten euskararen geroa behingoz ziurtatzeko.

Norberarena dena babesteko denok egiten dugu geure esparruan ahal duguna. Horrela bada, ez al genuke euskararekin ere berdin egin beharko? Euskaraz badakienak ez al luke egunero erabiltzeko ahalegina egin beharko? Ahoz erabiltzen duen horrek ez al luke noizean behin euskaraz irakurtzeko saiakeratxoa egin beharko? Eta noizean behin irakurtzeko kapaz denak noizbehinka ingurukoei ohartxoak euskaraz idazten saiatu? Apurka-apurka laguntzen duten instituzioek ez al lukete, aurrekontuetatik bertatik, gehiago lagundu beharko? Kanpaina sustatzaileak bultzatu beharko?

Dendariak ez lituzke salneurriak, oharrak, iragarkiak.... euskaraz jarri beharko? Eta oraindik ere euskaraz ez dakienari ez al zaio behingoz ikasteko garaia iritsi?
AEKn eta korrikan baiezkoan gaude. Zalantza izpirik gabe. Eta guztion erantzukizuna behin argi utzirik, oraindik euskaldun ez diren horiei egin nahi die dei berezi bat Korrika 14k. Izan ere, edozein azterketa soziolinguistikok frogatzen duenez, hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko transmisioa da ezinbesteko tresna, eta transmisioa bermatzeko dugun bide bakarra helduak euskalduntzea da. Geure haurrak euskaraz eskolaratzea garrantzitsua bada, eta hala da, zinez, are
garrantzitsuagoa da helduak euskalduntzea; beraiekin bizi diren helduek euskaraz egin dezaten, inguru euskaldun bat eskain diezaieten, euskaraz bizitzeko aukera eman diezaieten.

Helduak euskaldundu ezean ez dugu haur euskaldunik izango; euskara ezagutuko dute, bai, “euskaradunak” izango dira, baina ez ditugu euskaldun osoak sortuko, edonon, edonoiz eta edozertaz euskaraz aritzeko gai izango diren euskaldunak. Ez da, beraz, makala oraindik euskaldun ez diren heldu horien ardura. AEKn eta korrikan, zinez, baloratzen dugu hainbat eta hainbat euskal hiritarrek beraien inguruko haurrak euskaratzeko egiten duten ahalegina. Baina hurrengo pausoa, norberaren euskalduntzearena behar-beharrezkoa da benetan euskarari behar duen tokia eman nahi badiogu. Eta inoiz baino beharrezkoagoa da gaur mezu hau lau haizetara zabaltzea.

Euskal Herria euskalduntzen goaz. Euskal Herria euskalduntzen ari gara. Euskal Herria euskalduntzen da geure betiko aldarria. Eta gaur, XXI. mendea abiatu zaigun honetan, helduak euskalduntzea dugu premiarik larrienetakoa. Jakin badakigu ez dena erraza, norbanakoaren konpromiso zehatza eskatzen duena, baina AEKn eta korrikan prest gaude geure baliabide guztiak helduen eskura ipintzeko, helburua erraztarazteko, geure posibilitateen arabera guztiak euskalduntzen laguntzeko. Zatozte bada, euskaltegietara, Euskal Herria euskalduntzen. balio behar duelako, guztion esku dagoelako geure hizkuntzaren geroa ziurtatzea. Guztiok geurea eginez lortu dugu gaur arte hizkuntza bizi moduan ekartzea euskara, XXI. mendera arte hizkuntza moderno eta edozertarako balio duen hizkuntza modura ekartzea. Inork bereari uko egin gabe, bakoitzak berea mantenduz eta eginez egin dugu euskarak biziraupenerako ezinbesteko zuen euskara batua, Euskal Herriko bazter guztietako euskaldunak batzen gaituena.

Euskarak egiten gaitu euskaldun eta euskalduntasuna euskararen jabego horretan baino ez datza. Horren arabera aukeratu ditugu korrika 14ren hasiera eta helmuga markatuko dituzten tokiak ere. Orreaga, euskararen ezaugarriak gordetzen jakin duen herria, gaur ere bere euskalkia bizirik mantentzen duen herria, euskararen berezitasunak, formak, joskerak, lexikoa... bere-beretik gordez eta erakutsiz. Eta Bilbo, Euskal Herriko inguru guztietatik etorritako euskaldunen topagune, euskarak gaurko gizarte modernoan lekua badaukala erakusten duen herria, guztion ekarpenak onartuz eta batuz, Euskal Herriko eta mundu osoko milaka eta milaka euskaldun berriren euskararekin aberastuz, euskara batuaz bizitzeko gai izango den herria. Euskara guztiona, guztiontzat, guztion erantzukizun dela diogu. Euskara guztion artean egin dugulako, guztiontzat.

Zatozte bada, Korrika, Orreagatik Bilbora, Euskal Herria euskalduntzen.

Omendua

Andolin Eguzkitza

Andolin Eguzkitza Bilbao (Santurtzi, Bizkaia, 1953ko abenduaren 6a- Bilbo, 2004ko martxoaren 24a) idazle eta Euskal Filologiaren fakultatean irakaslea eta Euskaltzaindiko kidea izan zen, Ezkerraldeko lehenengoa.

Euskaltzain oso izendatu zutenean, honako hau esan zuen: “Eta eskerrak emateko ordu honetan zelan ahantz Juan Anjel Etxebarria, gerrosteko lehenengo santurtziar euskaldun eta euskaltzalea, idazlea eta irakaslea, euskararen suak eraginda sufrimenduz hornituriko bizitza eskaini ziona Euskal Herriari. Izan bedi gomuta hau harenganako justizia egiten hasteko lehen pausoa!”

Lekukoaren ezkutuko mezua

Aurtengo mezuaren egileak, Andolin Eguskitzak, plazaratu du, Orreagatik Bilbora eskuz esku lekukoaren barnean iritsitako mezua.

NI ere bai dokumentala.

Korrika Kulturala

Ibilbidea

Hasiera jaia

Amaiera jaia

Hemen dituzue Ikastolen Elkartearekin batera 21. KORRIKArako landu ditugun unitate didaktikoak.