Trixerta Korrika44 Trixerta Korrika44

22. KORRIKAren mezua, munduko bestelako hizkuntza gutxituetan ere irakurgai

22. KORRIKAn erronka bat luzatu genien munduko lagunei.

Euskararen lasterketa erraldoian, leku berezia egin nahi izan genien planetan zehar sakabanatutako gainontzeko hizkuntza gutxiagotuei. Horregatik, AEK-KORRIKAk lau haizetara hedatu zuen ideia bat; erronka bat, alegia: ahalik eta lengoaia gehienetara itzultzea 22. KORRIKAren mezua, mintzaira hegemonikoetatik harago.

Erantzun andana jaso genituen, eta munduko korrikazaleei esker “Orain da hizkuntzen unea” mezua hizkuntza hauetan irakurtzeko parada izan genuen: bretoia, galegoa, sererra, wolofa, amazightera, gaelikoa, guaraniera, okzitaniera, asturianua, kabilera, amazigera, katalana, náhuatla, zapotekoa, maya tsotsila eta hassania.

HEMEN dituzue itzulpenak irakurgai.

Mezuak euskaraz horrela zioen:

Orain da hizkuntzen unea

Globalizazioak mundu grisa marraztu nahi digu,
ñabardurarik gabea. Alta, Herriok badugu haren
aurkako sendagai koloretsua: tokikotasuna. Eta
zer tokikoago, berezko hizkuntza baino?

Hizkuntzak lotzen gaitu herrira, eta nor bere
herritik zabaltzen gara mundura.
Hizkuntza galdu duen herriak ezin dio munduari
so egin hitz arrotzen bidez ez bada, jatorrizko
nortasuna alboratuta.

Askotariko mundua nahi dugu, elkartasunezkoa,
geure ikuspegietatik sortua.

Oraingoa une erabakigarria zaigu bizi dugun
hizkuntza-larrialdi latzari aurre egiteko; ordua
dugu mugitzeko, mundu osoko lengoaia
gutxituok HITzen partida irabaz dezagun.

EKIN diezaiogun... nork bere HitzEkin.

Geuk ere bat KORRIKArekin!

AEK-KORRIKAN GEURE LEKUA ALDARRIKATZEN DUGU, BAI ETA BESTEENTZAT ERE, DENOK BERDIN.

“BatZuk: Euskararen lau aurpegi” dokumentala, EHUko “Ama hizkuntzak munduan eta zinean” maratoian

Gaur, otsailak 21, Ama Hizkuntzen Nazioarteko Eguna da.

Honen harira, EHUk film maratoi bat antolatu du gaurko, “Ama hizkuntzak munduan eta zinean” izenekoa. Emanaldiak Gasteizeko EHUko Letren Fakultateko Areto Nagusian izango dira, goizeko 10:00etatik aurrera.

Euskarak, askotan gutxitua izan eta izaten den bestelako ama hizkuntza batek, tartea ere izango du maratoian, 20. KORRIKArako AEK-KORRIKAk ekoitzitako “BatZuk: Euskararen lau aurpegi” dokumentalaren emanaldiarekin.

Emanaldia 12:15ean izango da, eta programazio osoa streaming bidez ikusiko ahalko da esteka HONETAN.

“BatZuk” ikus-entzunezkoaren sinopsiak, bere aldetik, horrela dio:

Hizkuntza, Kultura, Mundu BatZUK. Euskal Herrian, hainbat modu daude euskara eta hizkuntzak bizitzeko, pertsona bakoitzeko bat, BatZUK: zenbait elkarren oso antzekoak, beste zenbait ia antagonikoak. Lan honetan, horietako lau ezagutuko ditugu; lau herritarren bizitzetan sartuko gara, nor bere testuinguruan dagoela.
Euskalduna izateko milaka modu daude, eta Maikak, Danik, Anderrek eta Elenak, zein bere hizkuntza-aberastasun eta kultura-aniztasunetik, euskararekin bat egiten dute. Haiekin batera, BATZUK gehiago gara.

Honekin lotuta, gogoratu nahiko genuke Amets Arzallusek 18. KORRIKArako idatzitako mezua; hain zuzen ere, “Ama hizkuntza” izenekoa. HEMEN duzue irakurgai.

KORRIKAren historiari begirada bat, podcasten bitartez

Eskuragarri dituzue, podcasten bidez eta edizioz edizio, KORRIKA bakoitzeko zertzelada eta pasadizo nagusiak.

Proiektu hau webgune honetan aurki dezakezue, Korrikateka (Multimedia) atalean. Naiz Irratiarekin elkarlanean sortutakoa da, eta beraiek ere eman zituzten beren uhinetatik 22. KORRIKAren baitan.

22 audio-fitxategi dira (atarikoa + 21. KORRIKAra arteko podcast bana), eta horien transkripzioak ere eskegi ditugu. Esan bezala, pixkanaka-pixkanaka, KORRIKAren ondare guztia bertan biltzeko asmoa dugu.

Podcast hauekin jaso nahi izan ditugu edizio bakoitzeko zertzelada nagusiak, KORRIKAren historia beste era batez ere dokumentatzeko. Izan ere, lasterketa nagusiaren webgunean bertan, Historia izeneko atalean, edizio bakoitzak berariazko orrialdea dauka, nondik norako nagusiak, eta, orain, hor ere, edizio bakoitzaren podcasta eskura egongo da.

"...mila eta bat istorio daude edizio bakoitzaren atzean... Gurekin batera errepasatu nahi dituzu? Podcastetatan egongo gara zuen zain!."

KORRIKAren ahizpak: Arineketan, munduko hizkuntza gutxituei bultzada emateko

Euskal kulturak munduari egin dion oparirik handienetarikoa KORRIKA dela ez du inork zalantzan jartzen egun. Lankidetzan eta sinergian oinarrituta, gure lasterketa erraldoiak euskararen alde egiten duen itzelezko lana bertan begiratzeko ispilu eta eredu askorentzat bada; hala nola, munduko beste hizkuntza gutxituentzat. Hala, gure KORRIKAn inspiratuta, euren herrietan ere antzeko egitasmoak gauzatu dituzte bretoiek, irlandarrek edo maputxeek, besteak beste. Benetan pizgarria, horrenbeste lan eta ilusioz egiten dugun zerbait besteentzat jarraibide dela jakitea!

  • Correllengua, katalanaren alde. 1993. urtean jazo zen antzeko ekintza bat Mallorkan, 1995.ean Valentzian eta 1996.tik aurrera Herrialde Katalan orotan. Lau zutabetan egindako lasterketa herrikoi multzo batean datza.
  • Correlingua, galizieraren alde. Esperientzia katalanaren antzeko ekimen hau 2000. urtean hasi zen, Dia das letras gallegas ekintzen artean bilduta. Azken edizioa 2022koa izan zen, eta 12 egun iraun du.
  • Ar Redadeg, bretoieraren alde. Gau eta egunez Bretainia zeharkatzen duen korrikaldia Euskal Herrikoaren isla da; lekuko, mezu sekretua eta guzti. 2022koa zortzigarren edizioa egin zuten eta 2022 kilometro izan zituen.
  • La Passem, okzitanieraren alde. Okzitania zeharkatzen duen lasterketa. Lehen edizioa 2018an izan zen. 2022an, ekainaren 2tik 5era izan da.
  • Rith, gaelikoaren alde. Irlandar irla osotik igarotzen den lasterketa da Rith. Seachtain na Gaeilge irlandar hizkuntzaren astean egiten da, 2010ean ekin zioten lehenengoa egiteari eta KORRIKAk eta Ar Redadeg-ek duten formatu berbera dauka.
  • Ras yr Iaith, galesaren alde. Ahizpa gazteenetarikoa, Galesena. Lehenengo edizioa 2014koa da; azkena, 2020koa. Gauean korrika egin ez, baina honek ere badu lekukoa eta mezua. Azkena 77 kilometro eginda eta hiru egunetan burutu zen.
  • Lefkantun, maputxeen mapuzugun hizkuntzaren alde. Mapuzuguletuaiñ elkarteak antolatutako lasterketa herrikoi hau iaz jaio zen, mapuzugun hizkuntzaren ofizialtasuna aldarrikatzeko.
  • Sprochrenner, Alsazieraren alde. KORRIKAk Alsazian ahizpa berri bat ukan du. Lasterketaren lehenengo edizioa 2020ko maiatzaren 31n abiatu zen eta 340 kilometro egin zituen. 2022an, ekainaren 4tik 6ra burutu zen.

KORRIKAren ahizpen inguruan gehiago jakin nahi baduzue, sar zaitezte web honen KORRIKA Munduan atalean!

"Heldu!", 15. KORRIKAko ikus-entzunezkoa, ikusgai AEKren kanaletan

“Heldu”, 15. KORRIKArako Unai Iturriagak idatzi eta zuzendutako ikus-entzunezkoa, ikusgai dago AEKren kanaletan.

2007ko martxoaren 22tik apirilaren 1era Karrantzatik Iruñera 2007ko martxoaren 22tik apirilaren 1era Karrantzatik Iruñera “Heldu hitzari, lekukoari, elkarlanari, herriari! "Heldu euskarari!” lelopean atera zen kalera 15. KORRIKA. Ikus-entzunezkoan hainbat testigantza jasotzen dira: Beda Ajuria, Maialen Lujanbio, Marije Ramos, Sally Christopher eta Pantxo Ruizenak, besteak beste. Amaren Alabak taldearen parte hartzea ere izan zuen dokumentalak.

Egunotan aurreko Korriketako ikus-entzunezko materiala bildu eta eskuragarri jartzen ari gara AEKren sareetan. Proiektuaren parte ere bada “Heldu”-ren partekatze hau, eta aurki jarraituko dugu gainerako piezekin.

Adi AEKren kanalei!

Facebook
Instagram
Twitter
Mastodon