Udako euskara ikastaroak Udako euskara ikastaroak

Gutxienekoaren bi heren lortu ditu Jalgi Hadi proiektuak

Euskara eta Korrika ardatz izango dituen dokumentala ekoizteko ezinbestekoa den kopurutik hurbilago dago Jalgi Hadi crowdfunding kanpaina. AEK eta Mirokutanaren arteko ekoizpena Donostiako Zinemaldian aurkezteko asmoa dago.

 

Korrika barrutik erakutsiko duen dokumentala gauzatzeko gutxienekoaren %63 erdietsi da. 30.000 euro behar dira gutxienez, nahiz eta Ane Elordik, Korrika arduradunak, berriki zehaztu bezala, “Ezin dugu ahaztu helburua ere badela 88.000 eurora heltzea”.

Hamasei egun geratzen dira kanpaina amaitzeko, eta asko izan dira Jalgi Hadi proiektua babestu duten pertsona ezagunak; Amagoia Mujika, Berriako zuzendaria, Nekane Artola, Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Josu Etxaburu, Gure Esku Dago-ren bozeramalea, Zuriñe Hidalgo abeslaria, Xabier Euzkitze, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak...

AEK eta Korrikatik nabarmendu dutenez, ekarpena egiteak ere saria dakar. Izan ere, poltsiko guztietarako diru ekarpenak egin daitezke: bost eurotik hasita, 250 eurora arte. Norbanakoek soilik ez, elkarteek ere haien alea jarri dezakete, eta haien irudia dokumentalean joateko aukera izan.

Besteak beste, dokumentalaren kredituetan agertzea, estreinaldira bertaratzeko aukera, edota kilometroen zozketan parte hartzea dago, eta kilometro zehatz horiek filmaketan agertuko dira. Egin zure ekarpena www.jalgihadi.eus webgunean!

III. KORRIKA-AEK Kultur Sorkuntza Beka abian da!

Beka 23.000 eurokoa izango da, eta 25. KORRIKAko kulturaleko egitarauaren barruan aurkeztuko da, 2027ko azarotik aurrera, 25. Korrikak iraun bitartean, hain zuzen. Proposamenak 2025eko apirilaren 4tik 2025eko urriaren 31ra bitartean aurkeztu beharko dira.

 

Euskal kultura babestea eta sustatzea helburu duen KORRIKA-AEK bekaren III. deialdia aurkeztu dugu gaur goizean Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean. Bertan izan dira Lurdes Etxezarreta, AEK-ko Nazio Kontseiluko kidea, Ane Elordi, Korrika arduraduna, eta aurreko deialdian irabazle izandako proiektuko partaideak, Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabala.

AEK-k, KORRIKA kulturalaren bidez, lan bat saritzen du bi urterik behin; euskal sortzaile ororentzat zuzendua da, diziplina anitz edo bakarra barnebil dezake, eta lanaren emanaldiek agertoki edo plaza batean aurkezteko modukoak izan behar dute. Bekaren xedea da euskal kulturaren baitako sormen-lanak bultzatzea, eta Korrika Kulturaleko ekitaldi nagusia taxutzea: "Beka honen bidez, AEKk hiru helburu betetzen ditu: Bat: euskal kultur sorkuntzan eragile izatea. Bi: kultur arloan euskal herritarrentzako euskaraz eroso aritzeko espazioak sortzea, garatzea eta elkarlotzea. Eta hiru: euskal sortzaileei gune horiek eskaintzea", adierazi du Etxezarretak. Dagoeneko zabalik dago proposamenak jasotzeko epea: gaurtik hasita 2025eko urriaren 31 arte.

Korrika Kulturala

Ane Elordik, bestalde, Korrika Kulturalaren menua Korrikaren webgunean dagoeneko ikusgai dagoela iragarri du: "Edozeinek kontsulta katalogotzat erabili dezake, eta bertan ehundik gora kultur arloko egitasmo bildu ditugu, eta asko badira ere, gehiago ere egon daitezke. Hemendik deia luzatu nahi diegu euskal sortzaileei gurekin kontaktuan jarri eta katalogo horren parte izan daitezen. Bertan topatuko dute harremanetarako helbidea".

Eskualdeetan, beti bezala, programa propioak antolatzen dira, zeinetan autofinantzaketa den oinarria. Horiek indartzeko, aterkiaren ideia proposatu du Elordik: "Hau da, inguruan dauden eragile kultural guztiei (publikoak – batez ere – zein pribatuak) Korrikarekin bat egitea bere programazioak egiteko orduan".

Amaitzeko, hurrengo Korrikako obra nagusia izango den KAKA proiektuko Xanti Agirrezabalak eta Erika Olaizolak obraren zertzelada batzuk partekatu dituzte bertaratutakoekin.

 

 

Beharrezkoa den finantzazioaren erdia lortu du Jalgi Hadik!

Jalgi Hadi crowdfunding kanpainan bete-betean daude AEK-KORRIKA eta Mirokutana ekoiztetxea euskara eta Korrika ardatz izango dituen dokumentala ekoizteko. Ikus-entzunezkoa dagoeneko grabatzen hasi da Ander Iriarte zinemagilea, eta larunbatean (martxoak 30) Agurainen egindako AEKren Nazio Batzarra ere baliatu zuen irudiak hartzeko.

Hain zuzen, atzo erdietsi zuen kanpainak gutxieneko finantzazioaren erdia; 15.000 euro. AEK-KORRIKAtik gure esker ona helarazi nahi dugu, eta kanpainari oraindik 25 egun geratzen zaizkiola gogorarazi. Badator euskararen hurrengo berpizkundea!

Ekarpena egin nahi baduzu, hemen: https://eu.goteo.org/project/jalgi-hadi-dokumentala

Dokumental honetan, Korrika barrutik ezagutuko dugu!
Batetik, ekimena posible egiten duen taldeari jarraitu eta bidean sortzen diren kezka eta arazoei elkarrekin aurre egingo diegu, Korrikaren zirrara lehen pertsonan bizitzeko; bestetik, filma hainbaten topagune bihurtuko dugu: soziologo, antropologo, hizkuntzalari, kulturgile, politikari eta beste hamaika euskaltzale. Elkarrizketen bitartez, euskararen iraganaz, orainaz eta etorkizunaz hitz egingo dugu.

MIROKUTANA 2016an sortu zen, eta erabilitako generoa eta formatua edozein izanda ere, bere ekoizpenaren filosofiak hiru oinarri ditu: euskal kultura, lankidetza eta giza eskubideak. Ordutik hona, hamaika lan ekoitzi ditu, aditzera: EMARRI, MUGA KOMANDO MARMITAKO JUDOKA edo EUROPA laburrak edota Bihar dok13, "Karpeta Urdinak" edo Indarkeriaren Oi(h)artzunak filmak.

Azken lan horrekin dokumentalik onenaren Zilarrezko Biznaga lortu du berriki Iriartek Malagako Zinema Jaialdian. Ikusi bideoa:

 

 

ZEID FEST GAZTEA zozketako saridunak!

 

ZEID FEST jaialdiaren laugarren edizioa 2025ko apirilaren 5ean egingo da BEC!en eta AEK izango da omendua. Besteak beste, Crystal Fighters, Betagarri edota Iseo & Dodosound arituko dira aurten.

 

 

10 sarrera bikoitz zozkatu ditugu eta irabazleak hurrengoak izan dira:

 

Leire Delgado Santos
Tania Sandin Arteaga
Lander Rueda Porturas
Nerea Martin Cestao
Aimar Goenaga Agirrezabal
Iraitz Zuloaga
Marian Gorraiz Ayala
Maider Goikoetxea
Lurdes Aristorena Osteriz
Jon Kortajarena Rubio

 

ZORIONAK!

Euskara bidegurutzean da!

JALGI HADI! dokumentalerako crowdfunding kanpaina abiatu dugu AEK-Korrikak eta Mirokutana ekoiztetxeak, euskararen bihotza eta burua proiektu batean elkartzeko asmoz. Aurrera eraman ahal izateko, dena den, zure laguntza beharrezkoa dugu.

Zer kontatuko du dokumentalak?

Korrika barrutik ezagutuko dugu: batetik, ekimena posible egiten duen taldeari jarraitu eta bidean sortzen diren kezka eta arazoei elkarrekin aurre egingo diegu, Korrikaren emozioa lehen pertsonan bizitzeko; bestetik, filma hainbaten topagune bihurtuko dugu: soziologo, antropologo, hizkuntzalari, kulturgile, politikari eta beste hamaika euskaltzale. Elkarrizketen bitartez, euskararen iraganaz, orainaz eta etorkizunaz hitz egingo dugu.

Euskal ekimenik erraldoiena, inoiz ikusi ez duzun bezala!

Euskara maite duen edonorentzat ari gara dokumentala egiten. Euskara bizirik ikusi nahi baduzu, egin klik eta lagundu crowdfunding bitartez!

Poltsiko guztietarako moduko diru-ekarpenak egin daitezke, 20 eurotik hasita. Martxoaren 17tik apirilaren 25era bitartean eman dezakezu laguntza.

Zure laguntzaz, hau posible izango da!