Trixerta Korrika44 Trixerta Korrika44

Ibilbideari Elkar Saria irabazi du AEK-k

Elkar Fundazioak jakinarazi berri duenez, AEK-KORRIKAk jasoko du 2024ko ibilbideari Elkar Saria.

Elkar Saria 2016tik urtero ematen den saria da, eta haren helburua da Elkar Fundazioaren iritziz euskal kulturari ekarpen aipagarria egin duena nabarmendu eta saritzea. Fundazioak dioenez “Ibilbide osoa saritzen da, ez momentu bateko ekarpena”; eta, horretaz gain, sariaren helburua bada “taldean egindako lana indartzea, norbanakoen gainetik”.

Argitaratutako ohar baten, horrela azaldu ditu Elkar Fundazioak AEKri saria emateko arrazoiak: “Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso bizitzeko” xedea erdiesteko, “AEK-k lan baldintza egokien faltari militantziaz, ilusioz eta ahalik eta profesionaltasun handienarekin erantzun zien”. Hala, “milaka lagun euskaldundu da AEK-ko euskaltegietan, eta milaka lagun hurbildu da euskarara eta euskararen aldeko ekimenera AEKren lanari esker, tartean 1980tik antolatzen duen KORRIKAren eskutik”.

Izan ere, ekimen honekin ez soilik AEK erakundea; KORRIKA ekimena ere saritu nahi izan du Elkar Fundazioak: “AEK-k milaka eta milaka lagun euskararen aldeko mezua zabaltzera bultzatzen ditu KORRIKAren eskutik, euskararentzat itxaropena sortuz eta mezu argia zabalduz gizartean: euskara denona da eta haren etorkizuna guztion eginkizuna da”. Azken edizioko mezuan Garazi Arrulak adierazi bezala, “euskarak ekosistema osoa behar du eta hori lortze aldera egiten du lan egunero AEK-k”.

Maiatzaren 23an egingo da Elkar Sariak emateko ekitaldia Adunan, Elkar Fundazioaren egoitzan, 18:00etan. Ibilbideari Sariaz gain, Joseba Jaka beka ere emango zaio Josu Goikoetxea Gezuragari.

Okzitanieraren alde, HARRO!

AEK-KORRIKAk bere aletxoa jarri du okzitanieraren aldeko lasterketan. KORRIKA arduradun Ane Elordik nabarmendu bezala, "beharrezkoa ikusten dugu hizkuntza gutxiagotuen sare bat antolatzea", eta hori dela eta, 920. kilometroan parte hartu izan du AEK-KORRIKAren ordezkaritzak, Capbreton inguruan. 

KORRIKAren Ahizpa txikiaz oso harro!  Pichon pachon, La Passem! 

23. KORRIKAren argazkiak, eskuragarri!

Zein kilometrotan eraman zenuen lekukoa? Nondik nora egin zenuen korrika?

Euskararen aldeko lasterketak iraun bitartean, egunero, argazki andana igotzen genuen geure webgunera; hala ere, ez genuen astirik izan horiek guztiak bertaratzeko, KORRIKAren furgonetan bestelako lanak eta ardurak ere egoten direlako hamaika egun horietan.

Oporren bueltan eta indarberrituta, lan horri ekin diote KORRIKAko argazkilariek, eta jada eskualdeka ordenatu dituzte argazki-albumak.

Bilatu zeure argazkia/k hemen, harrotasunez.

HARRO HERRI!

Abian da La Passem ekimena!

Atzo abiatu zen La Passem ekimena, okzitanieraren aldeko Korrika Ahizpa, eta AEK-KORRIKAko kideok ere bertan parte hartuko dugu: larunbatean, maiatzak 4, 920. kilometroa egingo dugu Capbretonen. 

Maiatzaren 17an, Ar Redadegen txanda helduko da, hau da, bretoieraren aldeko ekimenarena. AEK-KORRIKA maiatzaren 20an batuko da, Sant-Stefan-Brengoloù / Saint-Étienne-de-Montluc herrian, 746.kilometroan.

Hizkuntza gutxiagotuen aldarrikapena eta biziraupena bermatzeko ezinbesteko ekimenak ditugu KORRIKAren Ahizpak. Baionan, 23.KORRIKAren bukaeran, gure artean La Passem eta Ar Redadegen ordezkariak izan genituen, eta orain, maiatzean, Euskal Herri Harroari dagokio sostegua ematea. Beraz, aukera izanez gero, animatu eta batu hizkuntza gutxiagotuen aldeko lasterketetara harrotasunez! 

HARRO HERRI! 

Philip Barendrecht, Esteban Martin eta Sara Aranburu irabazle “Paperezko bizitzak” ipuin-lehiaketan

AEK-KORRIKAk antolatutako lehiaketa honen I. edizioaren sariketa ospatu da Gasteizen, Eva Forest Liburutopian; bertan izan dira Artezkaritzako kideak zein KORRIKAko arduradun Ane Elordi.

 

Bi helburu nagusi ditu lehiaketak: batetik, gogor salatzea euskal herritar guztiek ezin dutela euskara doan ikasi; bestetik, egoera administratibo irregularrean dauden pertsonak ikusaraztea. Bi ildo horiek argi utzita jaio zen, aurreko hilabetean, “Paperezko bizitzak” literatur lehiaketa, AEK-KORRIKAk antolatua.

Lehen edizio honetan 60 sorkuntza-lan inguru jaso dira; horietatik, ondoko bi obra hauek eskuratu dute saria, ex aequo: Sara Aranbururen “Basa mortu, arrotza abortu” eta Philip Barendrechtek zein Esteban Martinek elkarlanean eginiko “Ate automatikoak” izenekoek. Hiru egileek jaso dituzte, AEKren eskutik, ipuin eta oroigarri bana lehen sariketan.

Musikaren laguntzaz hasi da ekitaldia; ondoren, Aitziber Balantzategi AEK-ko Artezkaritza kideak egin ditu hasierako aurkezle-lanak, arestian aipaturiko lehiaketaren bi helburuak azpimarratzeko: “Alde batetik, AEKri Euskal Herri osoan hiztun aktiboak sortzea dagokigun heinean, euskalduntzea edozeinentzat doako zerbitzua izan dadin aldarrikatzea; bestetik, egoera irregularrean dauden pertsona horiek eta haien bizipenak ere ikusaraztea”.

Ane Elordik, ostean, euskararen komunitatea ekarri du gogora, zeina KORRIKAren edizio honetan behin baino gehiagotan aipatu den: “Komunitate hori zabaltzeko, indartzeko, ezinbesteko zaigu gugana heltzen diren horiek besoak zabalik har ditzagun; haiek ere euskararen herriaren parte dira, eta lehenagotik hemen gaudenon eginbeharra da erremintak ematea beraien bidea samurtzeko”.

Amaitzeko, epaimahaiaren izenean, Amaia Irureta irakasleak nabarmendu egin du istorioak kontatzeko bi molde oso ezberdin daudela narrazio garaileetan: “Basa mortu, arrotza abortu ipuina testu ederra da, oso ondo landua; egileak hitz-joko asko eta askotarikoak erabili ditu bere mezua irakurleari helarazteko. Ate automatikoak ipuinean, berriz, idazleak gai izan dira irudi indartsua sortzeko eta irudi hori era egokian baliatzeko”.

Ekitaldian, egileen ahotik entzun ahal izan ditugu hala ipuin saritu bakoitzaren sorkuntza prozesuko zertzeladak nola lanak eurak.