Gaur, otsailak 21, Ama Hizkuntzen Nazioarteko Eguna da.
Honen harira, EHUk film maratoi bat antolatu du gaurko, “Ama hizkuntzak munduan eta zinean” izenekoa. Emanaldiak Gasteizeko EHUko Letren Fakultateko Areto Nagusian izango dira, goizeko 10:00etatik aurrera.
Euskarak, askotan gutxitua izan eta izaten den bestelako ama hizkuntza batek, tartea ere izango du maratoian, 20. KORRIKArako AEK-KORRIKAk ekoitzitako “BatZuk: Euskararen lau aurpegi” dokumentalaren emanaldiarekin.
Emanaldia 12:15ean izango da, eta programazio osoa streaming bidez ikusiko ahalko da esteka HONETAN.
“BatZuk” ikus-entzunezkoaren sinopsiak, bere aldetik, horrela dio:
Hizkuntza, Kultura, Mundu BatZUK. Euskal Herrian, hainbat modu daude euskara eta hizkuntzak bizitzeko, pertsona bakoitzeko bat, BatZUK: zenbait elkarren oso antzekoak, beste zenbait ia antagonikoak. Lan honetan, horietako lau ezagutuko ditugu; lau herritarren bizitzetan sartuko gara, nor bere testuinguruan dagoela.
Euskalduna izateko milaka modu daude, eta Maikak, Danik, Anderrek eta Elenak, zein bere hizkuntza-aberastasun eta kultura-aniztasunetik, euskararekin bat egiten dute. Haiekin batera, BATZUK gehiago gara.
Honekin lotuta, gogoratu nahiko genuke Amets Arzallusek 18. KORRIKArako idatzitako mezua; hain zuzen ere, “Ama hizkuntza” izenekoa. HEMEN duzue irakurgai.