Baxoa eta brebeta* euskaraz egiteko hiru hamarkadan baino gehiagoan borrokan aritu eta ari diren ikasleek jaso dute KORRIKAren gorazarrea. Halaber, Oihaletxea dokumentala (Lander Garrok zuzendua) aurkeztu da, non Azterketak Euskaraz kolektiboa osatzen duten Seaskako ikasle, irakasle, guraso eta ikasle ohien testigantzak jasotzen diren. Omenaldi-ekitaldia gaur (urtarrilak 25) izan da, Hondarribiko Itsas Etxea Auditorioan.
Euskara da Azterketak Euskaraz kolektiboaren aldarria, KORRIKArena bezalaxe. Ikasle horiei, beren bizitzako une erabakigarri batean, baxoa eta brebeta egiteko orduan, azterketek sortutako berezko ezinegonari beste zama bat inposatzen diete: ikasketetan erabili ez duten hizkuntzan aritzea, frantsesez alegia. Hala ere, herritar euskaldun gisa dagozkien hizkuntza-eskubideak aldarrikatzeko hautua egin eta egiten dute, Frantziako Gobernuaren aginduen gainetik, beren notetan kalteak onarturik.
KORRIKAk, aitortza xume honen bidez, haien egoera ezagutzera emateko bozgorailua izan nahi du. KORRIKA arduradun Ane Elordik aipatu bezala, “Euskal Herri zabalean, eta hemendik kanpo ere, mundu guztiak jakin dezala gazte hauek, egun, ezin dutela ikasketen zati garrantzitsu hori beren hizkuntzan egin; eta, bidegabekeria horren aurrean, pausoak ematen jarraituko dutela”.
Seaskako Lehendakari Peio Jorajuriak hartu du gero hitza, eta Bizkarsoro filmari (Josu martinez, 2023) erreferentzia egiten hasi da, bertan Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan egunero bizi izaten den errealitatea dela aipatuta: “XXI. mendean, Euskal Herria herri ukatua da; euskara, zangopilatua”.
Beskoitzeko ikastolaren afera salatu du ondoren: “Auzapez puxant batek 51 haur ikastolarik gabe utz ditzake, kale gorrian, egun batetik bestera. Zergatik?”.
Oztopo eta traba guztien gainetik, euskaren ofizialtasuna eta euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatu ditu: “Harro hadi Euskal Herri, ikastolak antikonstituzionaltzat dituen legearen aitzinean. Harro hadi Herri, ofizialtasuna ukatzen diguten hautetsien aitzinean. Harro Herri, haurrei beren hizkuntzaz mintzatzea eta idaztea debekatu nahi dieten errektore** eta agintari zapaltzaileen aitzinean”.
Elorri Falxak, Manex Erdozaintzi-Etxart ikastolako irakasleak, aipatu du frantses Administrazioak irakasleria konplize nahi duela hizkuntza-zapalketan. Brebeta euskaraz egitearen aldeko borroka irabazi genuen, baina orain Baxoaren tenorea da: “Ikastolak, hautetsiak, jendartea… herri oso baten sustengua beharko dugu borroka hau ere irabazteko”.
“Ikastoletan, berdintasun-, errespetu- eta elkartasun-balioetan heziak izan gara”. Azterketak Euskaraz kolektiboaren izenean, Maika Gueiçanburu ikasleak aitzineko belaunaldien lana du azpimarratu: “Zonbaitetan, kantuz eta dantzan egin diogu aurre inposizioari; beste batzuetan, okupazio- eta desobedientzia-ekintzekin; baina, beti, maitasunarekin, gure aitzindarien bideari jarraikiz”. Egungo ikasleak lekukoa hartzeko prest daudela adierazi du Gueiçanburuk, “KORRIKAn bezala, lekuko hori beste belaunaldiei pasatuko diegu, harik eta Euskal Herri euskalduna lortu arte!”.
Oihaletxea dokumentala
Lander Garrok zuzendu du ikus-entzunezkoa. Ordu-erdi pasatxoko iraupena du, eta Azterketak Euskaraz kolektiboa osatzen duten Seaskako ikasle, irakasle, guraso eta ikasle ohien testigantzak jasotzen ditu.
“KORRIKAk eta Azterketak Euskaraz taldeak badute zerbait komunean, guztiontzat begi-bistakoa denaz aparte: biak jaio ziren desagertzeko bokazioarekin. Bi ekimenak maite ditugu, baina ez dute irauteko bokaziorik, biak sortu direlako anomalia baten ondorioz; zerbait injustua aldatzeko”, adierazi du Garrok.
Oihaletxea metafora bat dela azaldu du: euskara irudikatzen duen metafora, alegia. Gu oihaletxe edo oihal-etxolaren barnean gaude, eta euskarak babesten gaitu. Gure babeslekua da euskara/oihaletxea, baina kanpoko elementuen (haizea, hotza, ekaitza) mende gaude. Guk oihaletxeari tinko eusten diogu, desager ez dadin. Era berean, ez dugu oihaletxea indartzeko denborarik; izan ere, etengabe kanpoko elementu horien kontra ari garenez, eskuartean duguna atxikitzen dugu.
Aurrera egingo dugu, harrotasunez, harik eta oihaletxe hauskor eta arin hauek, eguraldi apetatsuaren aurka, harrizko etxe sendo eta atsegin bihurtu arte.
Dokumentala otsailaren 8an estreinatuko da, EITBn.
Oroigarri-banaketa
Azterketa Euskaraz kolektiboaren lana aitortzeko, AEK-k oroigarri bana eman die Estitxu Robles, Xalbador, Manex Erdozaintzi-Etxart, Piarres Larzabal eta Kattalin Elizalde kolegioetako ordezkariei, zein Bernat Etxepare lizeokoei. Ane Elordik, txalo-zaparrada artean adierazi duenez, “Egiten ari zareten borroka gogorra izan da, eta izaten ari da. Izan dadila oroigarri xume hau egindako lanaren aitortza; AEKren partetik, gure esker ona, euskaldunon eskubideen alde lehiatzeagatik”.
Txarangaren kalejirarekin bukatu da ekitaldia.
*Brebeta (frantsesez: Diplôme national du brevet, DNB): Iparraldeko eta Frantziako eskola zein ikastoletako haurrek kolegioa amaitutakoan goi-mailako ikasketak egin ahal izateko derrigor gainditu beharreko azterketa. Hegoaldean, DBH3 ikasturtearen bukaeran pasatu beharko litzateke, 14-15 urteren bueltan.
Baxoa (frantsesez, Baccalauréat; lagunarteko hizkuntzan “bac” eta lehenago “bachot”): Ipar Euskal Herriko eta Frantziako eskola zein ikastoletako haurrek kolegioa amaitutakoan derrigor gainditu beharreko azterketa. Hegoaldean, selektibitatea litzateke haren baliokide.
** Errektore: Frantziako Estatuan, irakaskuntza-barruti bateko burua.
Korrika laguntzailea izatearen abantailak Astero, zozketak egingo ditugu LAGUNTZAILEEN artean... 300 sari baino gehiago... Oro har, KORRIKAren ekimenetan lehentasuna edo deskontuak izango dituzu. Deskontuak ere AEK-ko ikastaroetan. AIZU! Aldizkariko harpidetzan... Eta, aldiro-aldiro, gure berri jasoko duzu KORRIKA laguntzaileentzako buletinaren bidez. ...eta garrantzitsuena, KORRIKAren parte zara, zure laguntzarekin egingo dugulako aurrera.Egin zaitez laguntzaile
Eskerrik asko!