Xanti Agirrezabala eta Erika Olaizolaren KAKA proiektuak erdietsi du beka, eta goizean, Bilboko prentsaurrekoan, “komedia ganberro eta probokatzaile” horren gaineko azalpenak eman dituzte. Gai aldetik, tabuen gainean jardungo du dihardu nagusiki; ohi bezala, 24. KORRIKAko egitarau kulturalaren barruan aurkeztuko da.
24. KORRIKA Kulturalak badu, dagoeneko, ekitaldi nagusia: KAKA. Gaur goizean aurkeztu dute AEK-KORRIKAko II. Kultur Sorkuntza Bekako irabazlea, Bilboko Zazpi Kaleetako Bira Tabernan. Esan legez, beka horrek taxutzen du KORRIKA Kulturalaren egitasmo nagusia, eta 23.000 euroko aurrekontua du. Haren bidez, euskal kulturatik sortutako euskarazko ekoizpenak bultzatzea du helburu AEK-KORRIKAk.
KAKAren ordezkari gisa, Xanti Agirrezabala eta Erika Olaizola aktore nagusiek hartu dute parte agerraldian, Ane Elordi KORRIKAko arduradun nagusiarekin batera. I. Bekaren irabazleak ekarri ditu gogora Elordik, balantzea eginda: “Balorazio positiboa egin dugu, milaka herritar gerturatu dira Badon ikuskizun berritzailea ikustera, eta aurrerantzean ere ziur ibilbide oparoa izango duela”.
Epaimahaia Lutxo Egiak, Gari Garaialdek, Izar Mendigurenek, Oier Zuñigak eta Maia Muruagak osatu dute, eta, Elordik azaldu duenez, ondoko hauek izan dira, aurkeztutako 14 proiekturen artean, Kaka saritzeko arrazoiak: Euskal Herri osorako ikuskizuna izatea, euskaradunentzat zein ikasten ari direnentzat; hizkuntzaren erabilerari eman zaion garrantzia; moldagarria izatea, formatu, espazio eta baliabide aldetik; eta, azkenik, sormen-lana izanda, oraindik “sortu gabeko zerbait” izatea.
Agirrezabalak eta Olaizolak eman dituzte komedia horren inguruko zertzeladak. Besteak beste, aurreratu dute “ganberroa, jostaria zein probokatzailea” izango dela. KORRIKA Kulturalaren barruan, 2025eko azarotik 2026ko apirilera bitartean antzeztuko da, Euskal Herriko hainbat eszenatokitan.