Okzitaniera sustatzeko La Passem jaialdiaren azken edizioak arrakasta handia izan du, eta, gainera, 100.000 euro bildu ditu hizkuntza hedatu eta sostengatzeko 25 proiektu abiarazteko. Korrikak ere, nola ez, ekarpena egiten dio bere ahizpari.
2018an Ligams elkartearen ekimenez sortu zenetik, La Passem izugarri hazi da. Hala, lehen edizioan lasterketak 400 km eta 100 herri zeharkatu zituen; 2024an, berriz, 1100 km eta 300 herri, beti ere okzitaniera (gaskoia dialektoa barne) sustatzeko eta haren aldeko ekintza zehatzak sostengatzeko xedez.
Azken edizioa 6 egun eta 5 gauean zehar egin da, eta ehunka korrikalari zein 90 animazio aritu dira lasterketaren inguruan. Ibilbideak, besteak beste, Bigorra, Comminges, Gers, Biarno, Aturri beherea eta Landak korritu ditu...
La Passemen alderdi funtsezkoenetako bat okzitaniera hizkuntzaren aldeko proiektuen laguntzeko funts ekonomikoak biltzea da. Oroi dezagun parte-hartzaileek kilometroak eskura ditzaketela, horrela beren dirulaguntza ematearren. Horrela, hiru ediziotan, La Passemek 215.000 euro jaso ditu, horien bidez hainbat egitasmo abian ipintzeko asmoz.