JALGI HADI! Dokumentalarako crowdfunding kanpaina JALGI HADI! Dokumentalarako crowdfunding kanpaina
Gutxienekoaren bi heren lortu ditu Jalgi Hadi proiektuak

Gutxienekoaren bi heren lortu ditu Jalgi Hadi proiektuak

Euskara eta Korrika ardatz izango dituen dokumentala ekoizteko ezinbestekoa den kopurutik hurbilago dago Jalgi Hadi crowdfunding kanpaina. AEK eta Mirokutanaren arteko ekoizpena Donostiako Zinemaldian aurkezteko asmoa dago.

 

Korrika barrutik erakutsiko duen dokumentala gauzatzeko gutxienekoaren %63 erdietsi da. 30.000 euro behar dira gutxienez, nahiz eta Ane Elordik, Korrika arduradunak, berriki zehaztu bezala, “Ezin dugu ahaztu helburua ere badela 88.000 eurora heltzea”.

Hamasei egun geratzen dira kanpaina amaitzeko, eta asko izan dira Jalgi Hadi proiektua babestu duten pertsona ezagunak; Amagoia Mujika, Berriako zuzendaria, Nekane Artola, Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Josu Etxaburu, Gure Esku Dago-ren bozeramalea, Zuriñe Hidalgo abeslaria, Xabier Euzkitze, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak...

AEK eta Korrikatik nabarmendu dutenez, ekarpena egiteak ere saria dakar. Izan ere, poltsiko guztietarako diru ekarpenak egin daitezke: bost eurotik hasita, 250 eurora arte. Norbanakoek soilik ez, elkarteek ere haien alea jarri dezakete, eta haien irudia dokumentalean joateko aukera izan.

Besteak beste, dokumentalaren kredituetan agertzea, estreinaldira bertaratzeko aukera, edota kilometroen zozketan parte hartzea dago, eta kilometro zehatz horiek filmaketan agertuko dira. Egin zure ekarpena www.jalgihadi.eus webgunean!