AEK-KORRIKAk eta Mirokutana ekoiztetxeak jarri zuten abian kanpaina duela hilabete, euskara eta Korrika ardatz izango dituen dokumentala ekoizteko.
30.000 euro biltzea lortu du Jalgi Hadik. Amaitzeko 9 egun falta zaizkio kanpainari, eta gutxienekora heltzea lortu du. AEK-KORRIKAtik, bihotzez, eskerrak eman nahi dizkiegu proiektuan sinetsi eta aletxoa jarri duten norbanako zein elkarte guztiei.
Dokumentala grabatzen hasia da Ander Iriarte zinemagilea, zeinak berriki Zilarrezko Biznaga irabazi duen Malagako Zinema Jaialdian bere azken lanarengatik. Erronka 2027an estreinatzea izango da, eta Donostiako Zinemaldira eramateko asmoa ere badago.
Gutxienekora heldu bada ere, helburua 88.000 euro biltzea da. Ane Elordi Korrikaren arduradunak adierazi du azken egunotan ahalik eta diru bilketa handiena egin nahiko luketela, proiektuari bultzada emateko: “Diru-bilketaren azken bederatzi egunetan gaude, eta beste behin euskal jendarteak euskarari eta Korrikari babesa erakutsi dio. Ekarpena egin duten guztiei eskerrak ematea dagokigu, eskerrik asko euskararen auzia pantailetara eramateko ahalegina egin eta interesa erakutsi duzuen guztioi”.
AEK-ko Nazio Kontseiluko kidea den Lurdes Etxezarretak, halaber, aletxoa jarri duten eragile zein herritarrei eskerrak eman dizkie: “Euskararen etorkizuna hauspotzeko dokumentala egia bihurtuko da herritarren babesari esker”.
Ander Iriartek, bestalde, oraindik ere ekarpenak egiteko aukera dagoela gogorarazi du: “Orain, azken ufada geratzen zaigu, azken esprinta helmugara ahalik eta indartsuen iristeko”. Izan ere, 30.200 eurora heldu berri da kanpaina, eta datozen egunotan, gora egiten jarraitzea espero da.