AEK-KORRIKAk gorazarre egin die lasterketaren sortzaileei, bai eta gogorarazi ere “Korrika antolatzeko arrazoiak” bere horretan mantenduko direla, harik eta helduen euskalduntzea eta alfabetatzea lehen lerroan ipini arte.
Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa eta helduen euskalduntzea lehen lerrora ekartzeko eskatu da ekitaldian. Izan ere, Korrika sortzeko arrazoiek hor segitzen dute, zoritxarrez, 45 urte geroago. Gaur azaroak 29 ditu; orain dela 45 urte (1980an) abiatu zen lehenengo Korrika Oñatiko Unibertsitatetik, gaueko 10etan; efemerideaz baliatuta, Korrikaren sortzaileak eta 1980ko lasterketaren hasieran protagonista izan zirenak omendu ditu AEK-KORRIKAk euskararen aldeko ekimenaren aurreneko edizioa hasi zen lekuan bertan: Oñatiko Unibertsitatean, hain zuzen.
Eguerdiko 12:00etan puntu-puntuan hasi da “Ez gero, orain baizik” ekitaldia, kanpai-hotsekin batera. Xabier Amuriza agertu da oholtzan, eta ekitaldiari izena eman dioten letrak, lehendabiziko Korrikaren koplak, abestu ditu. Jarraian, Korrika arduradun Ane Elordik hartu du hitza. Hark ekitaldiak helburu bikoitza duela aipatu du.
Batetik, ospakizuna eta omenaldia. Duela 45 urte, mundu osoan hizkuntza baten alde egiten den ekitaldirik jendetsuena eta arrakastatsuena abiatu zen; “Badugu, beraz, zer ospatu. Eta badugu nori eskertu”. Korrikaren sortzaileak aipatu ditu orduan Elordik: Urtsa Errazti, Joseba Kanpo, Enrike Ibabe, Josepe Zuazo, Alvaro Gurrea... Orduko AEKide guztiei ere esker ona adierazi die: Julen Kaltzada, Bittor Allende... baita lehenengo Korrika hartan protagonista izan zirenei ere: Xabier Amurizari, Korrikaren lehendabiziko kantaren sortzailea; Remigio Mendibururi, lekukoaren egilea; Eli Galdosi eta Jose Maria Satrustegiri, 0 kilometroa korritu zutenak...
Bigarren helburua aldarrikapena da. Korrika ez da jai-giroa soilik, aldarrikapen-giroa ere bada; horretaz jabetzeko, “Korrika bakoitzaren leloei erreparatzea baino ez dagoela” azpimarratu du Korrikaren arduradunak. Zoritxarrez, oraindik, 45 urte eta 23 Korrika geroago, Korrika antolatzeko beharrizan berberak ditu AEKk: euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta dirua biltzea AEKren eguneroko lana indartzeko. Elordik argi utzi nahi izan du ezen “ez gara folklore. AEK GARA. KORRIKA GARA. EUSKARA GARA”.

Aitortza
Ondoren, Urtsa Erraztik hartu du hitza, Korrikaren sortzaileen eta lehenengo edizioan parte hartu zuten guztien izenean. "45 urte, eta berriro hemen, Oñatiko Unibertsitatean". Hunkituta ekarri ditu gogora berarekin batera Korrika sortu zuten "gazte zoro" haiek, gure artean daudenak eta ez daudenak: Joseba Kanpo, Enrike Ibabe, Josepe Zuazo... eta Álvaro Gurrea.
Publikoari azaldu dio Korrika euskararen aldeko urtebeteko kanpaina moduan jaio zela, "baina, zoritxarrez, Korrika aldarrikatzailea egiteko beharra dago oraindik", adierazi du; eta azpimarratu du nahiko lukeela euskarak Korrikaren beharrik ez izatea eta belaunaldi berriek Korrikaren "alde festiboa" besterik ez ezagutzea.
Aize Otañok, Nazio Kontseiluko kideak, esan du kontu batzuk ez direla horrenbeste aldatu 45 urtetik hona: “Berriki esan dugu 24. Korrikan aldarrikatu nahi dugula euskara guztiontzako aterpe irekia eta erosoa dela; eta, nola ez, presa dugula Pizkunde berri bat abiatzeko, Euskal Herri euskalduna lortzeari begira”. Horretarako, beste gauza batzuen artean, AEKk nabarmendu du helduen euskalduntzea lehen lerroan ipini behar dela.
Euskararen etorkizuna jokoan da
Otañok gehitu du, Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa erdiesteko, jada unea dela euskaltzaleok elkartzeko eta indarrak batzeko. Presa ere badagoela adierazi du: “Helburu dugun Euskal Herria lortzeko, ezin dugu ezer geroko utzi; orain da unea”. Zeregin horretan, instituzioek berebiziko ardura dutela azpimarratu du, euskarak ez duelako dagokion berdintasunezko ofizialtasun-estatusik bere lurralde guztietan: Ipar Euskal Herrian, ez du ofizialtasunik; Nafarroan, oraindik ere zonifikazioaren ondorioak daude; EAEn, ofiziala izanik ere, “azken urteetako oldarraldi judizial, ideologiko eta politikoak desofizializazio-prozesu batean sartu gaitu”.
Gauzak horrela, momentua da euskarari Pizkunde berri bat emateko. Horretarako, abenduaren 27an Bilboko Bilbao Arenara biltzeko deia egin dute AEK-KORRIKAko ordezkariek.

