Gaur, abenduak 18, Pertsona Migratzailearen Nazioarteko Eguna da. AEK-Korrikan azpimarratu nahi dugu guztiok garela ezinbesteko. 24.KORRIKAren mezuak dioen moduan “pertsona bakoitzak du balioa; hiztun bakoitzak, garrantzia. Euskaltegian izena eman dugunok, euskara lehen hizkuntza dugunok, kanpotik etorri garenok, euskaraz, Euskal Herrian, ikasi eta bizi nahi dugunok... Guztiok herri bat gara. Euskara gara".
Gizarte gero eta indibidualistago, gero eta globalizatuago, gero eta homogeneizatzaileago honetan, Korrika alaitasuna da, aniztasuna da, elkarlana da, herria da... Korrika herri nahia da, anbizioa, ilusioa, zoriontasuna. Korrika zerbait kolektiboa da, kohesionatzailea. Herri baten irudikapena da, garenaren eta izan nahi dugunaren arteko isla. Korrika aukera bat da, herri justuagoa, berdinzaleagoa, euskaldunagoa irudikatzeko aukera bat da. Korrika beste hizkuntza gutxiagotuen alde egiteko aukera bat da, zapalkuntzak salatzeko eta zapalduak erdigunera ekartzeko aukera bat. Mundu oso bat kabitzen da gure herrian, Korrikan, eta AEKn.
AEKren xedea da Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso ikasi eta bizi ahal izatea, baina eskoletan euskara irakasteaz gain, gehiago ere egiten da: euskaltegia ikasle askoren babes-esparrua da, eta euskal kultura ardatz, kultur transmisioan eragiten du AEKk, ikasle askoren integraziorako bidea gara eta herri kohesioan eragiten du.
Doakotasuna
Herritar guztiek euskara doan ikasteko aukera aldarrikatzen du AEKk, bertokoek eta kanpotik datozenek aukera berberak izatea, alegia. Instituzio publikoek ematen dituzte dirulaguntzak, eta sistema horrek, tamalez, pertsona batzuk at uzten ditu beren egoera politiko-judiziala dela-eta. Horiek horrela, Euskal Herriko administrazio nagusiei dei egiten dizuegu. Zeuok zarete eskubideen bideratzaile, bermatzaile, eta eredu izatea dagokizue. Unea da euskal herritar orori euskara ikasteko bidea doakoa izan dakion neurriak hartzeko, inor kanpoan utzi gabe.
AEK berdintasuna da, zaintza, aniztasuna... AEK arnasa hartzeko lekua da, zabalik dago herritar guztiak euskalduntzeko. Ongi etorri euskarara, zeuri esker ere, EUSKARA GARA!
Ane Elordi Korrika arduradunak eta Pello Reparaz kantaren egileak abestia eta bideoklipa aurkeztu dituzte Agoizko (Nafarroa Garaia) Kultur Etxean
Ane Elordi Korrika arduradunak, Pello Reparaz aurtengo kantaren egileak eta Maixux Zugarramurdik 24. Korrikari doinua jarriko dion abestia aurkeztu dute, ‘Xiberutikan mendebaldera’ izenburupean, Agoizko Kultur Etxean. Horrez gain, bideoklipa ere publiko egin dute.
Pello Reparazek sortu ditu kantaren musika zein letrak, eta bideokliparen zuzendaritza-lanaz ere arduratu da. Gaurko emaitza musikala lortzeko, Reparazekin batera, Maixux Zugarramurdi eta Erramun Martikorena abeslariek hartu dute parte. Bideoklipari dagokionez, nabarmentzekoa da plano-sekuentzian grabatuta dagoela.
Ane Elordik gidatu du ekitaldia, eta zinez eskertu du Reparazen ahalegina: “Eskerrik asko Korrikarako kanta zoragarri hau ekoizteagatik eta, are gehiago, musikatik euskarari eta euskal kulturari egiten diezun ekarpenagatik”, esan du.
Aurten, lehenengo aldiz, AEK osoak prozesu demokratiko baten bitartez aukeratu du nori egin kantaren enkargua, Elordik adierazi duen moduan: “Aurrenekoz, AEKide guztion artean erabaki dugu noren eskutan jarri Korrikaren kanta”, azaldu du.
Ondoren, Reparazek hartu du hitza eta Korrikaren abestia sinatzea bere ibilbide artistikoko “erantzukizun eta poz handienetako bat dela” aitortu du hunkituta. “Ez da enkargu hutsa: kantaren bidez euskarak eta Korrikak niri eman didatenaren zati bat itzultzea da”.
Euskara gara
24. Korrikaren leloaren “pisu handiaz” hitz egin du: “ez gara bakarrik hizkuntzaz ari, bizitzeko, elkar zaintzeko eta etorkizun duinago bat elkarrekin irudikatzeko modu bati buruz ari gara”, adierazi du kantaren egileak.
Kantari mugimenduan dagoen komunitate baten sonoritatea ematen ahalegindu da, “ez ereserki zurrun” batena. Entzuten duenak koru honen parte sentitu dezan nahi izan duela aipatu du.
Abesti honek jendarteari euskarara hurbiltzeko gonbita egiten dio. Bukatzeko hauxe aipatu du Reparazek kantaren helburuaz: “AEKren euskaltegietan izena ematera lehen urratsa emateko, ama bati alabarekin duen elkarrizketa batean euskaraz egitera animatzeko, edota Korrikan kilometro bat egitera - eta gure hizkuntzaren aldeko korrika egitera- sustatzeko balio badu, kantak bere funtsa beteko du”.
Behin aurkezpena eginda, bideoklipa proiektatu dute.
Urtero legez, KORRIKAk denda zabaldu du Durangon, Azokak iraun bitartean.
Ermodo kaleko 11. zenbakian egongo gara, abenduaren 5etik 8ra. Bertan, arropa zein osagarriak erosi ahalko dira, eta nahi dutenek Korrika Laguntzaile egiteko aukera ere izango dute.
Berritasunen artean, aurten Korrika galtzerdiak ditugu, azkar asko saltzen ari direnak. Horrez gain, 24. KORRIKAko peto edo bizkarrekoak, segurtasun banda koloretsua darama, korrikariak gauez hobeto ikusi ahal izateko. Durangoko dendan ere topatu ahal izango duzu, 6 eurotan. Ordutegia: 11:00etatik 20:00etara.
Gogoratu online denda ere badugula, baita KORRIKA denda fisiko gehiago ere. Materiala AEKren euskaltegietan ere eskura daiteke.
KAKA antzezlana AEK-KORRIKAren Kultur Sorkuntzarako II. bekaren irabazlea izan da, eta beraz, Korrika Kulturalaren ekitaldi nagusia.
GASTEIZ ETA BALMASEDAKO boloak bertan behera geratu dira.
Data berriak bilatzeko ahalegina egingo da, eta aurrerago jakinaraziko dira.
Oharra: Gasteizen ikusteko sarrera erosi duzuenok Aranako AEK euskaltegira jo (Arana kalea, 30) edo 747453285 telefono zenbakira deitu.
30 emanalditik gora, Euskal Herriaren luze eta zabalean!
2026/01/23 LUHUSO. Arri Xuri gela.
2026/01/25 LEZO. Gezala auditorium.
2026/01/31 HONDARRIBIA. Itsas etxea.
2026/02/05 ORERETA. Niessen kulturgunea. 19:00.
2026/02/06 ASTIGARRAGA. Erribera kulturgunea.
2026/02/07 GETXO. Muxikebarri antzokia.
2026/02/08 ZANGOZA. Carmen auditorioa.
2026/02/12 TAFALLA. Kultur etxea.
2026/02/21 AURITZ. Kultur etxea.
2026/02/22 SENPERE. Larreko gela.
2026/02/26 SANTURTZI., Serantes antzokia
2026/02/27 IRURITA, Zentro zibikoa.
2026/03/01 OIARTZUN. Landetxe Kultur etxea
2026/03/05 DURANGO. San Agustin Kulturgunea.
2026/03/06 LARRAINTZAR. Gizarte etxea.
2026/03/07 ARRASATE. Amaia Udal antzokia. 19:30
2026/03/10 EIBAR. Coliseo Antzokia. 19:00.
2026/03/13 TUTERA. Fernando Remacha konserbatorioa.
2026/03/21 LARRAUN. Garabi. antzokia.
2026/03/22 ARETXABALETA. Arkupe antzokia
2026/03/26 HERNANI. Biteri Kultur etxea. 19:00
Donostian estreinatu zen endredozko komedia, eta handik Zarautz, Zumaia eta Iruñera abiatu zen. Denon ahotan dabil Kaka? Ez galdu ikusteko aukera!
Atal HONETAN informazio guztia topatuko duzue.
Korrika laguntzailea izatearen abantailak Astero, zozketak egingo ditugu LAGUNTZAILEEN artean... 300 sari baino gehiago... Oro har, KORRIKAren ekimenetan lehentasuna edo deskontuak izango dituzu. Deskontuak ere AEK-ko ikastaroetan. AIZU! Aldizkariko harpidetzan... Eta, aldiro-aldiro, gure berri jasoko duzu KORRIKA laguntzaileentzako buletinaren bidez. ...eta garrantzitsuena, KORRIKAren parte zara, zure laguntzarekin egingo dugulako aurrera.Egin zaitez laguntzaile
Eskerrik asko!
AEK-KORRIKAk gorazarre egin die lasterketaren sortzaileei, bai eta gogorarazi ere “Korrika antolatzeko arrazoiak” bere horretan mantenduko direla, harik eta helduen euskalduntzea eta alfabetatzea lehen lerroan ipini arte.
Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa eta helduen euskalduntzea lehen lerrora ekartzeko eskatu da ekitaldian. Izan ere, Korrika sortzeko arrazoiek hor segitzen dute, zoritxarrez, 45 urte geroago. Gaur azaroak 29 ditu; orain dela 45 urte (1980an) abiatu zen lehenengo Korrika Oñatiko Unibertsitatetik, gaueko 10etan; efemerideaz baliatuta, Korrikaren sortzaileak eta 1980ko lasterketaren hasieran protagonista izan zirenak omendu ditu AEK-KORRIKAk euskararen aldeko ekimenaren aurreneko edizioa hasi zen lekuan bertan: Oñatiko Unibertsitatean, hain zuzen.
Eguerdiko 12:00etan puntu-puntuan hasi da “Ez gero, orain baizik” ekitaldia, kanpai-hotsekin batera. Xabier Amuriza agertu da oholtzan, eta ekitaldiari izena eman dioten letrak, lehendabiziko Korrikaren koplak, abestu ditu. Jarraian, Korrika arduradun Ane Elordik hartu du hitza. Hark ekitaldiak helburu bikoitza duela aipatu du.
Batetik, ospakizuna eta omenaldia. Duela 45 urte, mundu osoan hizkuntza baten alde egiten den ekitaldirik jendetsuena eta arrakastatsuena abiatu zen; “Badugu, beraz, zer ospatu. Eta badugu nori eskertu”. Korrikaren sortzaileak aipatu ditu orduan Elordik: Urtsa Errazti, Joseba Kanpo, Enrike Ibabe, Josepe Zuazo, Alvaro Gurrea... Orduko AEKide guztiei ere esker ona adierazi die: Julen Kaltzada, Bittor Allende... baita lehenengo Korrika hartan protagonista izan zirenei ere: Xabier Amurizari, Korrikaren lehendabiziko kantaren sortzailea; Remigio Mendibururi, lekukoaren egilea; Eli Galdosi eta Jose Maria Satrustegiri, 0 kilometroa korritu zutenak...
Bigarren helburua aldarrikapena da. Korrika ez da jai-giroa soilik, aldarrikapen-giroa ere bada; horretaz jabetzeko, “Korrika bakoitzaren leloei erreparatzea baino ez dagoela” azpimarratu du Korrikaren arduradunak. Zoritxarrez, oraindik, 45 urte eta 23 Korrika geroago, Korrika antolatzeko beharrizan berberak ditu AEKk: euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta dirua biltzea AEKren eguneroko lana indartzeko. Elordik argi utzi nahi izan du ezen “ez gara folklore. AEK GARA. KORRIKA GARA. EUSKARA GARA”.

Aitortza
Ondoren, Urtsa Erraztik hartu du hitza, Korrikaren sortzaileen eta lehenengo edizioan parte hartu zuten guztien izenean. "45 urte, eta berriro hemen, Oñatiko Unibertsitatean". Hunkituta ekarri ditu gogora berarekin batera Korrika sortu zuten "gazte zoro" haiek, gure artean daudenak eta ez daudenak: Joseba Kanpo, Enrike Ibabe, Josepe Zuazo... eta Álvaro Gurrea.
Publikoari azaldu dio Korrika euskararen aldeko urtebeteko kanpaina moduan jaio zela, "baina, zoritxarrez, Korrika aldarrikatzailea egiteko beharra dago oraindik", adierazi du; eta azpimarratu du nahiko lukeela euskarak Korrikaren beharrik ez izatea eta belaunaldi berriek Korrikaren "alde festiboa" besterik ez ezagutzea.
Aize Otañok, Nazio Kontseiluko kideak, esan du kontu batzuk ez direla horrenbeste aldatu 45 urtetik hona: “Berriki esan dugu 24. Korrikan aldarrikatu nahi dugula euskara guztiontzako aterpe irekia eta erosoa dela; eta, nola ez, presa dugula Pizkunde berri bat abiatzeko, Euskal Herri euskalduna lortzeari begira”. Horretarako, beste gauza batzuen artean, AEKk nabarmendu du helduen euskalduntzea lehen lerroan ipini behar dela.
Euskararen etorkizuna jokoan da
Otañok gehitu du, Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa erdiesteko, jada unea dela euskaltzaleok elkartzeko eta indarrak batzeko. Presa ere badagoela adierazi du: “Helburu dugun Euskal Herria lortzeko, ezin dugu ezer geroko utzi; orain da unea”. Zeregin horretan, instituzioek berebiziko ardura dutela azpimarratu du, euskarak ez duelako dagokion berdintasunezko ofizialtasun-estatusik bere lurralde guztietan: Ipar Euskal Herrian, ez du ofizialtasunik; Nafarroan, oraindik ere zonifikazioaren ondorioak daude; EAEn, ofiziala izanik ere, “azken urteetako oldarraldi judizial, ideologiko eta politikoak desofizializazio-prozesu batean sartu gaitu”.
Gauzak horrela, momentua da euskarari Pizkunde berri bat emateko. Horretarako, abenduaren 27an Bilboko Bilbao Arenara biltzeko deia egin dute AEK-KORRIKAko ordezkariek.

