Ondoko ostegunean, martxoaren 19an, Euskal Herriko jendarteak hitzordu garrantzitsua du Atharratzen; izan ere, “Euskara gara” lelopean, KORRIKA, 40 urte geroago, berriz abiatuko baita bertatik, arratsaldeko 15:30ean.
Goiz-goizetik giro ezin hobea izanen da herrian, hainbat ekimen antolatuta. Egun osoko besta prestatu dute AEKideek eta Basaburuko herritarrek 24. KORRIKAri hasiera emateko. Egitaraua goizeko 10:00etan hasiko da, Korrika Ttipiarekin, eta goiz osoan hainbat ekimen izanen dira: txaranga, ikusgarri, dantzaldi, jigante, gaiteroak eta beste.
Ondotik, 15:00etan, 24. KORRIKAren hasiera-ekitaldia izanen da, Herriko plazako oholtzan. Bertan, AEKideek eta Xiberoko euskalgintzako Oihana Larrandaburuk hastapena emanen diote lasterketa erraldoiari, dantzari eta txalapartari zuberotarrek lagundurik.
Behin mezua lekukoaren barnean sartuta, 15:30ean abiatuko da KORRIKA. Lehen kilometroko lekuko-hartzea Euskal Irratiek eginen dute. Haiek, AEKren gisara, 90.hamarkadatik egiten dute lan euskararen alde, eta ezinbesteko tresna dira egunerokotasunean, Iparraldean euskaraz bizi den ororentzat.
Ondotik, KORRIKAk Nafarroa Beherean barrena segitzen duen bitartean, bestak Maulen segituko du, hainbat kontzertu eta ekitaldirekin (denak, herri-barneko aparkalekuan): Utxaranga, Kuartz eta Frigo. Horrez gain, jateko eta edateko parada izanen da, gaualdia bukatu arte.
Basabürüa eta Xiberoa, KORRIKAren alde
Xiberoak protagonismo osoa ukanen du ostegun honetan, AEKko gau eskolek, herriko eragileek eta Basabürüko laguntzaile guziei esker. Hainbat hilabetez lanean ari izan ondotik eta auzolan erraldoi bati esker, martxoaren 19an Atharratze prest izanen da 24. KORRIKAra jinen diren herritar guziei behar bezalako harrera egiteko. Bertan, herriko euskaldun eta euskaltzale guziek topo egiteko aukera ezin hobea izanen da, euskararen aldeko besta ederrean.
Basabürüan, euskararen egoera larria den arren, 24. KORRIKAk erakutsiko du bertan euskararen transmisioa eta erabilpena ez direla eten, euskaraz bizitzeko nahia badela. Espero dugu euskararen aldeko besta erraldoia helduen aktibazio linguistikorako tresna izanen dela.
Informazio praktikoak
Atharratzera bertaratzeko, hainbat posibilitate izanen dira: autobus-lineak Euskal Herri osotik, Pausu, Baiona eta Uztaritzetik. Autoa aparkatzeko lekuak izanen dira, bai eta furgonetak gelditzeko toki berezi bat ere, bezperatik etorri nahi dutenentzat.
Ohar garrantzitsua: Korrikaren abiatzearen ondotik, jendeei eskatu nahi genieke Atharratzen geldi daitezen 17:30ak arte, hots KORRIKA Maulera heldu arte, bide bakarra baita eta korrikalarien babesa ezinbestekoa baita. Jendeei horren araberako antolaketa eskatuko zaie.
Hasiera-eguneko informazio guztia, hemen
Konektatu Korrikara!
Azkenik, azpimarratu behar da KORRIKA hasierari telebistaz (baita Interneten ere) nahiz irratiz jarraitu ahal izango diogula zuzenean, hainbat hedabideren saioei esker: Kanaldude, EITB, Hamaika, Goiena, Euskal Irratiak, Berria, Naiz, etab.
Zuzenekoa www.korrika.eus webgunearen hasierako orrian eta KORRIKA app-an jarraitu ahal izango da, 24 orduz eta etenik gabe. Horrez gain, bi hauetan Korrika klik-klak! Egun bakoitzeko jarduna laburbildu eta Korrikaren zuzeneko seinaletik ihes egiten duen guztia jasoko duten bideo-kronikak zabalduko dira: KORRIKAren atzeko lanak, furgoneta, korrikarien ikuspegia, kilometro bereziak...eta askoz gehiago!
KORRIKA aplikazioa izango da 24. KORRIKArekin bat egiteko modurik azkarrena. Furgonetako geolokalizazioaren bidez, une oro jakingo duzue non dabilen Korrika, eta garaiz edo atzerapenez datorren.
Aplikazioak bilatzailea dauka, eta lekuko-hartze guztien zerrenda, herriak eta hiriburuak agertzen dira. Nahi duzuen parametroa kontsultatu ahal izango duzue. Jakinarazpenak aktibatuta, azken uneko albisteen eta aldaketen berri izango duzu: azken eguneko egitaraua zabaltzen dugunean, edo ibilbide aldaketa gertatuko balitz.
Amaitzeko, behin KORRIKA igarota, nahi duzun kilometroaren bideoa izango duzu eskuragarri “ibilbidea” atalean, eta zuen korrikaldia ikusi ahal izango duzue. Eta lasterketan bitartean, gure komunikazio taldeak hainbat irrati konexio izango ditu Korrikatik bertatik, zuzeneko informazioa eskaintzeko.

