Select your language

Errigora ekimenak jasoko du Korrikaren gorazarrea urtarrilaren 31n

Errigora ekimenak jasoko du Korrikaren gorazarrea urtarrilaren 31n

OMENDUA KARTELA24. KORRIKAk Errigora omendu nahi du; Korrikak aitortza egin gura dio euskaratik, euskararentzat eta euskaraz lanean ari den ekimen herritarrari, egin duen eta egiten ari den lanarengatik, baita babesa adierazi eta aurrera jarraitzeko bultzada eragin ere. Izan ere, Korrikak aitortza egin nahi dio orain arte Errigorak jorratutako bideari. Nafarroan, euskara ofiziala ez den eremuan, euskalduntzean egin duen ahalegina aintzatzeko era da, baita etorkizunerako bultzada emateko hauspoa ere.

Omenaldi-ekitaldia hilaren 31n izango da, larunbatarekin, Durangoko Plateruenan, 13:30ean. Ondoren bazkaria egingo da Errigorako bazkideekin batera. Bazkarira gurekin etorri nahi baduzu, esteka honetan salgai duzu tiketa. Bi menu ditugu, arrunta eta bejetarianoa.

Zer da Errigora?
Ekimen herritarra da Errigora, Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes ditu. Nafarroa hegoaldea du ardatz, eta euskara ofiziala ez den zonan eragiten du, bertako berezko elikagaiei Euskal Herrian bidea emanez, euskaratik, euskararentzat eta euskaraz. Korrikak bezala, euskal herritar asko mobilizatzen ditu, ea lanean dihardu euskararen aldeko ekintzaileekin. Euskal Herri osoan da ezaguna, eta bat egiten du Korrikaren balioekin. Guztion arazo komunei bertatik bertara erantzuten saiatzen da, baita etorkizuneko erronkei erantzuna ematen ere, izan larrialdi linguistikoa, klimatikoa edo/eta nortasunaren ingurukoa.

Jarrai dezagun euskarari puzka!