Gaur, abenduak 18, Pertsona Migratzailearen Nazioarteko Eguna da. AEK-Korrikan azpimarratu nahi dugu guztiok garela ezinbesteko. 24.KORRIKAren mezuak dioen moduan “pertsona bakoitzak du balioa; hiztun bakoitzak, garrantzia. Euskaltegian izena eman dugunok, euskara lehen hizkuntza dugunok, kanpotik etorri garenok, euskaraz, Euskal Herrian, ikasi eta bizi nahi dugunok... Guztiok herri bat gara. Euskara gara".
Gizarte gero eta indibidualistago, gero eta globalizatuago, gero eta homogeneizatzaileago honetan, Korrika alaitasuna da, aniztasuna da, elkarlana da, herria da... Korrika herri nahia da, anbizioa, ilusioa, zoriontasuna. Korrika zerbait kolektiboa da, kohesionatzailea. Herri baten irudikapena da, garenaren eta izan nahi dugunaren arteko isla. Korrika aukera bat da, herri justuagoa, berdinzaleagoa, euskaldunagoa irudikatzeko aukera bat da. Korrika beste hizkuntza gutxiagotuen alde egiteko aukera bat da, zapalkuntzak salatzeko eta zapalduak erdigunera ekartzeko aukera bat. Mundu oso bat kabitzen da gure herrian, Korrikan, eta AEKn.
AEKren xedea da Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso ikasi eta bizi ahal izatea, baina eskoletan euskara irakasteaz gain, gehiago ere egiten da: euskaltegia ikasle askoren babes-esparrua da, eta euskal kultura ardatz, kultur transmisioan eragiten du AEKk, ikasle askoren integraziorako bidea gara eta herri kohesioan eragiten du.
Doakotasuna
Herritar guztiek euskara doan ikasteko aukera aldarrikatzen du AEKk, bertokoek eta kanpotik datozenek aukera berberak izatea, alegia. Instituzio publikoek ematen dituzte dirulaguntzak, eta sistema horrek, tamalez, pertsona batzuk at uzten ditu beren egoera politiko-judiziala dela-eta. Horiek horrela, Euskal Herriko administrazio nagusiei dei egiten dizuegu. Zeuok zarete eskubideen bideratzaile, bermatzaile, eta eredu izatea dagokizue. Unea da euskal herritar orori euskara ikasteko bidea doakoa izan dakion neurriak hartzeko, inor kanpoan utzi gabe.
AEK berdintasuna da, zaintza, aniztasuna... AEK arnasa hartzeko lekua da, zabalik dago herritar guztiak euskalduntzeko. Ongi etorri euskarara, zeuri esker ere, EUSKARA GARA!
KAKA antzezlana AEK-KORRIKAren Kultur Sorkuntzarako II. bekaren irabazlea izan da, eta beraz, Korrika Kulturalaren ekitaldi nagusia.
GASTEIZ ETA BALMASEDAKO boloak bertan behera geratu dira.
Data berriak bilatzeko ahalegina egingo da, eta aurrerago jakinaraziko dira.
Oharra: Gasteizen ikusteko sarrera erosi duzuenok Aranako AEK euskaltegira jo (Arana kalea, 30) edo 747453285 telefono zenbakira deitu.
30 emanalditik gora, Euskal Herriaren luze eta zabalean!
2026/01/23 LUHUSO. Arri Xuri gela.
2026/01/25 LEZO. Gezala auditorium.
2026/01/31 HONDARRIBIA. Itsas etxea.
2026/02/05 ORERETA. Niessen kulturgunea. 19:00.
2026/02/06 ASTIGARRAGA. Erribera kulturgunea.
2026/02/07 GETXO. Muxikebarri antzokia.
2026/02/08 ZANGOZA. Carmen auditorioa.
2026/02/12 TAFALLA. Kultur etxea.
2026/02/21 AURITZ. Kultur etxea.
2026/02/22 SENPERE. Larreko gela.
2026/02/26 SANTURTZI., Serantes antzokia
2026/02/27 IRURITA, Zentro zibikoa.
2026/03/01 OIARTZUN. Landetxe Kultur etxea
2026/03/05 DURANGO. San Agustin Kulturgunea.
2026/03/06 LARRAINTZAR. Gizarte etxea.
2026/03/07 ARRASATE. Amaia Udal antzokia. 19:30
2026/03/10 EIBAR. Coliseo Antzokia. 19:00.
2026/03/13 TUTERA. Fernando Remacha konserbatorioa.
2026/03/21 LARRAUN. Garabi. antzokia.
2026/03/22 ARETXABALETA. Arkupe antzokia
2026/03/26 HERNANI. Biteri Kultur etxea. 19:00
Donostian estreinatu zen endredozko komedia, eta handik Zarautz, Zumaia eta Iruñera abiatu zen. Denon ahotan dabil Kaka? Ez galdu ikusteko aukera!
Atal HONETAN informazio guztia topatuko duzue.
Korrika laguntzailea izatearen abantailak Astero, zozketak egingo ditugu LAGUNTZAILEEN artean... 300 sari baino gehiago... Oro har, KORRIKAren ekimenetan lehentasuna edo deskontuak izango dituzu. Deskontuak ere AEK-ko ikastaroetan. AIZU! Aldizkariko harpidetzan... Eta, aldiro-aldiro, gure berri jasoko duzu KORRIKA laguntzaileentzako buletinaren bidez. ...eta garrantzitsuena, KORRIKAren parte zara, zure laguntzarekin egingo dugulako aurrera.Egin zaitez laguntzaile
Eskerrik asko!
Kaka antzezlanaren estreinako emanaldia ―Korrika-AEKren II. Sorkuntza bekaren irabazlea, eta ondorioz, Korrika Kulturalaren ikuskizun nagusia― atzo izan zen Donostiako Antzoki Zaharrean.
Ikuskizuna bukatutakoan, Korrika arduradun Ane Elordik bide oparoa opa zion Kaka komediari. Erika Olaizola, Xanti Agirrezabala, Ainhoa Aierbe eta Mikel Laskurain aktoreei eta gainontzeko lantalde osoari eskerrak emateko, lore-sorta bana eman eta 24.Korrikaren petoa jantzi zien AEKren Nazio Kontseiluko kide Aize Otaño eta Maialen Begiristainen laguntzarekin.
AEKk kalitate handiko kultur eskaintza egiten dio Euskal Herriari, euskal kulturaren askotariko adierazpideak bazter guztietara eramanez. “Korrika Kulturalaren bitartez, jendarteari ekarpena egin nahi diogu bueltan, Korrikaren alde egindako lanagatik”, azaldu zuen Elordik. Bukatzeko, esker ona adierazi zien epaimahaia osatu eta “lan hau ideiatik oholtzara bultzatu zuten kideei”: Maia Muruaga, Lutxo Egia, Gari Garaialde, Izar Mendiguren eta Oier Zuñigari.
Hurrengo hitzorduak
Endredozko komedia ezin dibertigarria da Kaka, mimoz landua. Boloz bolo, eta herriz herri ibiliko da: Zumaian (hilaren 21ean), Azpeitian (hilaren 23an), Iruñean, (hilaren 26an), Bilbon (abenduaren 3an) eta Gasteizen (abenduaren 12an). 30 emanalditik gora, Euskal Herriaren luze eta zabalean!
Ikusi Kaka antzezlanaren agenda osoa HEMEN.
Korrika Kulturalaz gozatzeko beste hamaika hitzordu.
Korrika laguntzailea izatearen abantailak Astero, zozketak egingo ditugu LAGUNTZAILEEN artean... 300 sari baino gehiago... Oro har, KORRIKAren ekimenetan lehentasuna edo deskontuak izango dituzu. Deskontuak ere AEK-ko ikastaroetan. AIZU! Aldizkariko harpidetzan... Eta, aldiro-aldiro, gure berri jasoko duzu KORRIKA laguntzaileentzako buletinaren bidez. ...eta garrantzitsuena, KORRIKAren parte zara, zure laguntzarekin egingo dugulako aurrera.
Egin zaitez laguntzaile
Eskerrik asko!
Euskararen herria denentzat aterpe ireki eta zabala da
AEKk antolatuta, Euskara gara lelopean, euskararen herria zeharkatuko du 24. KORRIKAk martxoaren 19tik 29ra, Atharratzetik Bilbora. Omendua, bestalde, Errigora izango da. Laguntzaile kanpaina ere abian jarri da ―hau da, Korrikari babesa adierazteko ekimena―, eta Korrikaren doako aplikazioa, berriturik, eskuragarri dago gaurtik aurrera.
KORRIKAren 24. edizioaren aurkezpen-ekitaldia egin du gaur goizean AEKk, Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean. AEKko kideekin batera, Korrikaren bidelagunak eta Gasteizko euskalgintzaren lagin bat ere bildu dira ekitaldira; ondoren, argazki jendetsua atera dute, euskara herritar guzti-guztiontzat aterpe ireki eta erosoa dela adierazteko.
Oraingo honetan, euskararen aldeko mobilizaziorik handiena Atharratzen hasiko da, martxoaren 19an; gero, hamar gauren eta hamaika egunen buruan, Bilbon amaituko da. Bertan, lekuko barruko mezu sekretua irakurtzeaz gain, egun osoko jai-egitarauaz gozatzeko parada izango da.
Ane Pedruzok eta Jon Basagurenek gidatu dute aurkezpen-ekitaldia, non AEKren Nazio Kontseiluko kide Maialen Begiristain Grado eta Lurdes Etxezarreta Artabe igo diren oholtzara.
Begiristainek, lehenik, azpimarratu du KORRIKAren 24. edizioak erakusten duela euskara herritar guzti-guztiontzat aterpe ireki eta erosoa dela: “Berdin da zer jatorri, zein azal-kolore, euskararen inguruko nolako ezagutza... Garrantzitsuena da guztiontzako lekua dagoela, eta bertan, euskararen baitan, guztion artean eraikita, azkenean aurkituko dugula gizarte-zapalkuntza orotatik babestuko gaituen komunitate berdinzale eta zabala, gure herrian, euskararen herrian, mundu oso bat sartzen baita”.
Etxezarretak, bere aldetik, hiru mezu helarazi dizkio jendarteari. Batetik, Begiristainen hitzen ildotik, euskara ardatz duen komunitatean eroso eta aske bizitzeko nahia: “Euskal Herri euskalduna, feminista, antiarrazista eta goxoa izango delako gurea”. Bigarrenik, presa: “Helburu dugun Euskal Herria lortzeko, ezin dugu ezer geroko utzi; orain da unea”; eta zera gehitu du: “Larrialdi linguistiko bete-betean gaude, eta ziklo berri bat abiatu behar dugu, inguruari eta gaur egungo aldaketei so eginda”. Hirugarren mezua instituzioei helarazi die. Euskararen ekosistema babestu eta indartzeko, “hizkuntza-politika ausarta eta sendoaren beharra” aipatu du.
Euskara gara
Ondoren, Korrikaren mezua azaltzeko, Korrika arduradun Ane Elordi Alburquerquek hartu du hitza.
Euskara gara leloak jendartea du helburu: “Euskarak denok bil gaitzake, euskara ez baita muga, arnasa baizik. Euskara zubi gisa landu behar da. Euskal herritar guztion hizkuntza komuna izan dadin nahi dugun heinean, kohesio sozialerako tresna ere izango da”. Euskarak jendarteari arnasa ematen diola aipatu du: “Euskal Herriak arnasa berria behar du; euskararen herrira jauzi egin nahi duten guztien herria gara, berton jaioak izan zein kanpotik etorri. Euskara da gure arnasa, elkarren zaintzaren hizkuntza, justizia sozialaren hizkuntza...”.
Errigorari gorazarrea
24. KORRIKAk Errigora omendu nahi du; Korrikak aitortza egin gura dio euskaratik, euskararentzat eta euskaraz lanean ari den ekimen herritarrari egiten ari den ahaleginarengatik, eta babesa ere adierazi nahi dio aurrera jarrai dezan bultzatzeko. Elordik adierazi legez, “Nafarroan, euskara ofiziala ez den eremuetan, euskalduntzean egiten duen esfortzua aintzatzeko era da, baita etorkizunerakoan hauspoa emateko ere”.
Era berean, Elordi esker onez agertu da Korrika Laguntzaile eta Korrika egiten laguntzen duten guztien aldera, baita Gasteizko euskalgintzatik bertaratu diren kide eta euskaltzaleen aldera ere: “Guztioi esker, EUSKARA GARA”.

Aurkezpenari amaiera emateko, arduradun nagusiak lekukoa altxatu du, eta AEKren Nazio Kontseiluko kideekin batera (Maialen Begiristain, Lurdes Etxezarreta, Bixente Claverie, Xabi Gartzia eta Aize Otaño), Korrikaren deiadarra aditzera animatu du jendartea. Izan ere, aurkezpen honekin batera piztu da Korrikaren garra, eta, euskararen aldeko lasterketa martxoan izan arren, bitartean hamaika hitzordu egongo dira, Korrika Kulturala kasu. Hala, Kaka antzezlana —Korrika-AEK Kultur Sorkuntzarako II. Bekaren irabazlea— izango da ikuskizun nagusia. Hilaren 19an estreinatuko da Donostiako Antzoki Zaharrean; ondoren, hainbat herritan ikusteko aukera izango da.
Eraman Korrika poltsikoan
Korrika doako aplikazio berritua ere gaurtik aurrera egongo da eskuragarri, Android eta IOS sistema operatiboentzat.
Korrika dendak, zabalik
Hiriburuetako Korrika dendak eta online-denda gaurtik aurrera egongo dira irekita. Bertan izango dira salgai arropa, bizkarrekoa eta bestelako osagarriak.
Ekitaldia bukatutakoan, familia-argazkia atera dute Gasteizko euskalgintzaren lagin batek* eta AEKko kideek.
Gasteizko euskalgintza (23.Korrikan parte hartu zuten eragile batzuen ordezkariak): Alea, Artepan, Mendia Optika, Gasteiz Kantuz, Geu Elkartea, Hala Bedi Irratia, Jimmy Jazz aretoa, Armentia ikastola...
Korrika laguntzailea izatearen abantailak Astero, zozketak egingo ditugu LAGUNTZAILEEN artean... 300 sari baino gehiago... Oro har, KORRIKAren ekimenetan lehentasuna edo deskontuak izango dituzu. Deskontuak ere AEK-ko ikastaroetan. AIZU! Aldizkariko harpidetzan... Eta, aldiro-aldiro, gure berri jasoko duzu KORRIKA laguntzaileentzako buletinaren bidez. ...eta garrantzitsuena, KORRIKAren parte zara, zure laguntzarekin egingo dugulako aurrera.
Egin zaitez laguntzaile
Eskerrik asko!

