Euskal Herria euskalduntzen. Ni ere bai! lelopean Orreagatik Bilbora 2005eko martxoaren 10etik 20ra ospatu zen 14. Korrika. Euskararen aldeko aldarrikapenez jositako lasterketara batu ziren munduko beste txoko batzuetan dauden euskal diasporakoak ere: Londres, Santiago de Chile, Barcelona, besteak beste.
Euskara da gure etorkizuna, gure geroa. Zain egon gabe, gaurdanik landu beharreko geroa. Horixe azpimarratu zuen Mauletik Iruñera burutu zen 13. Korrikak. 2003ko apirilaren 4tik 13ra, Herri bat geroa lantzen lelopean.
Gasteiztik Baionara, 2001eko martxoaren 29tik apirilaren 8ra, Mundu bat euskarara bildu lemapean izan zen 12. Korrika. Hegoaldetik iparraldera Euskal Herriko txoko guztiak astindu ziren euskararen aldeko oihuarekin.
1999an Euskal Herriak 11. Korrika ospatu zuen, 1999ko martxoaren 19tik 28ra, Iruñetik Donostiara Zu eta ni euskaraz lemapean.

