Udako euskara ikastaroak Udako euskara ikastaroak

AEK-Korrikak bat egiten du Gure Esku-k deitutako mobilizazioarekin

Nazio-mailako mobilizazio erraldoia iragarri dute ekainaren 7rako, “Bagara” ekimenean.

Joan den larunbatean, hainbat ekitaldi kultural ospatu zituen Gure Esku Dago elkarteak hiriburuetan; AEK-Korrikaren izenean, Ane Elordi eta Lurdes Etxezarreta izan ziren bertan. Beste kontu batzuen artean, dei egin zuten ekainaren 7ko manifestazio erraldoirako, “Herri libre bat, Euskal Herriak erabaki” lelopean.

Gure Eskuk “Bagara” izeneko ekimenaren barruan iragarri zuen ekitaldia; AEK-Korrikak bat egin du deialdiarekin, bai eta gogorarazi ere hizkuntza-eskubideak ere badaudela giza eskubideen aldarrikapenaren barnean.

Ekitaldiez gain, Gure Esku Dagok Euskal Herria irudikatzeko hamabi orduko bideo-maratoi birtuala ere antolatu zuen larunbatean, eta horretan ere bere alea jarri zuen AEK-Korrikak, biak (AEK zein Korrika) zer diren azaltzeko ikus-entzunezko bat plazaratuta. Hementxe duzue ikusgai:

KORRIKAk lehendabiziko aldiz neurtu du nolako inpaktua sortzen duen ingurugiroan

Lander Crespo klima-adituak gaia aztertu du, ISO 14067 arauari jarraituta eta bizi-ziklo osoa kontuan hartuta. Haren arabera, garraioa izan zen, azken Korrikan, isurketa gehienen jatorria: % 69, hain zuzen. Hala, garraioaren isuri handienak amaiera-egunean gertatu ziren: % 74, batik bat egun horretako desplazamenduek sortua. Ikerketaren helburu nagusia izan da emisioak murrizteko moduak topatzea hurrengo edizioetarako.



KORRIKA, euskararen aldeko ekimenik handiena, 1980tik ospatzen da Euskal Herrian. Aurten 23. edizioa egin da, eta, lehen aldiz, kalkulatu nahi izan dugu nolako karbono-aztarna sortzen duen gure ekintza jendetsuak, besteak beste haren ingurumen-inpaktuaren berri izateko eta, hurrengo edizioei begira, isuriak murrizteko aukerak aztertzeko.

Lander Crespo kliman adituak atzo Kalderapeko tabernan aurkeztu zuen bere master-amaierako lana; horren arabera, amaiera-ekitaldiak sortu zuen isurketa gehien 23. KORRIKAn, orduan bildu zelako jende-kopururik handiena. Izan ere, 2024ko KORRIKAren karbono-aztarnari buruzko azterketak ondorioztatu du inpaktu negatiboena parte-hartzaileen garraioak eragin zuela, bereziki amaierako ekitaldirako joan-etorriek. Ikerlaneko datuek diote emisioen % 69 inguru erregai fosilen bidezko ibilgailuek eragin zutela, eta, horietatik, amaierako ekitaldia ikustera joan ziren partaideen garraioak bota zuela isurien % 74.

Labur esanda, amaierako ekitaldiak isuri guztien % 55 ekarri zuen, garraioak sortu zuelarik kopuru horren % 92.

 

Ibilgailu pribatuak eta autobusak

Garraio-mota horiek erabili zituen nagusiki jendeak KORRIKAren amaiera ikustera bidaiatzeko: batez ere, ibilgailu pribatuak eta autobusak; eta beraiek izan ziren orduko karbono-isurien arrazoi nagusia. Bidaia luzeak eta milaka parte-hartzaile bildu zirenez, amaierako ospakizunak, garraioa zela-eta, eragin handia utzi zuen ingurumenean, KORRIKAren gainontzeko ekitaldiek baino askoz nabarmenagoa.

Hau da, amaierako ekitaldira bertaratzeko mugikortasunak izan zuen inpakturik handiena KORRIKAren karbono-aztarnan. Bestalde, salmentarako produktuek ere —arropa, esaterako— isurien % 19 sortu zuten; beraz, isurketen zati handi baten erantzule izan ziren. Aipagarria da, dena den, beste faktore batzuk ikerketatik kanpo geratu direla: elektrizitatea, azpiegituren muntaketa, ur-kontsumoa, KORRIKA Kulturalen barruko ekitaldiak, web-orriaren zein mugikorretarako aplikazioaren kudeaketa, eta publizitatearen, bideoen eta abestien prestaketa.

Hemendik aurrera isuriak murrizteko, lanak proposatzen du garraioaren erabilera optimizatzea eta salmenta-produktuen ingurumen-inpaktua txikitzea. Halaber, prozesuak eta datu-bilketa hobetzea ere gomendatzen du etorkizuneko kalkuluetarako.

Laburbilduz, KORRIKAk eta antzeko ekitaldi handiek ingurumen-inpaktu nabaria izaten dute, ezin ukatu; hortaz, kalkulu berri horiek, bistan da, lagungarriak izango dira ekintza jasangarriak identifikatzeko eta emisioak gutxitzeko. Izan ere, KORRIKA hainbat balioren inguruan sortu eta garatu da; horien artean daude, nola ez, ingurugiroaren babesa defendatzea eta haren kontrako jarduerak gutxitzen saiatzea.

Crespok, bide batez, antzeko ekitaldien karbono-arrastoak alderatu ditu. Haren hitzetan, KORRIKAk besteek baino askoz ere partaide gehiago izanik ere —milioi bat inguru—, New Yorkeko, Madrilgo eta Sevillako maratoiekin konparatuta —59.000, 34.000 eta 12.500 parte-hartzaile, hurrenez hurren—, beheko postuetan agertzen da kutsatze-mailan.

Atzoko agerraldian Ane Elordi Korrika arduradun nagusiak aipatu legez, KORRIKAtik ondoko mezu hau eman nahi dugu aditzera: “Izan daitezela euskararen oihartzuna, hanka nekatuak eta oroitzapen gozoak KORRIKAren aztarna bakarra!”. Cresporena kontuan hartuta, jada hiru azterketa egin dira KORRIKAren tutoretzapean; guztiak daude ikusgai (eta eskuragai) gure webgunean: 

https://www.korrika.eus/eu/korrika/ikerketak

 

 

KORRIKA Yukatango maien delegazio batekin bildu da

KORRIKAko eledunak Yukatango maien delegazio batekin bildu dira, esperientziak partekatzeko xedearekin. 

Garabide Elkartearen bitartez etorri dira Euskal Herrira. Argi dute maia hizkuntza gutxituaren kontzientzia piztu behar dutela; eta euren hizkuntzari eusteko eta babesteko ekimen bat egin nahi dute. Horregatik bildu nahi izan dute AEK-KORRIKArekin, Euskal Herriak euskararekin duen esperientzia zuzenean ezagutzeko, erakundearen lan egiteko moduaren eta KORRIKAren nondik norakoen berri izateko.

Yukatanen ere HARRO HERRI!!

KAKA proiektuak irabazi du AEK-KORRIKAko II. Kultur Sorkuntza Beka

Xanti Agirrezabala eta Erika Olaizolaren KAKA proiektuak erdietsi du beka, eta goizean, Bilboko prentsaurrekoan, “komedia ganberro eta probokatzaile” horren gaineko azalpenak eman dituzte. Gai aldetik, tabuen gainean jardungo du dihardu nagusiki; ohi bezala, 24. KORRIKAko egitarau kulturalaren barruan aurkeztuko da.

24. KORRIKA Kulturalak badu, dagoeneko, ekitaldi nagusia: KAKA. Gaur goizean aurkeztu dute AEK-KORRIKAko II. Kultur Sorkuntza Bekako irabazlea, Bilboko Zazpi Kaleetako Bira Tabernan. Esan legez, beka horrek taxutzen du KORRIKA Kulturalaren egitasmo nagusia, eta 23.000 euroko aurrekontua du. Haren bidez, euskal kulturatik sortutako euskarazko ekoizpenak bultzatzea du helburu AEK-KORRIKAk.

KAKAren ordezkari gisa, Xanti Agirrezabala eta Erika Olaizola aktore nagusiek hartu dute parte agerraldian, Ane Elordi KORRIKAko arduradun nagusiarekin batera. I. Bekaren irabazleak ekarri ditu gogora Elordik, balantzea eginda: “Balorazio positiboa egin dugu, milaka herritar gerturatu dira Badon ikuskizun berritzailea ikustera, eta aurrerantzean ere ziur ibilbide oparoa izango duela”.

Epaimahaia Lutxo Egiak, Gari Garaialdek, Izar Mendigurenek, Oier Zuñigak eta Maia Muruagak osatu dute, eta, Elordik azaldu duenez, ondoko hauek izan dira, aurkeztutako 14 proiekturen artean, Kaka saritzeko arrazoiak: Euskal Herri osorako ikuskizuna izatea, euskaradunentzat zein ikasten ari direnentzat; hizkuntzaren erabilerari eman zaion garrantzia; moldagarria izatea, formatu, espazio eta baliabide aldetik; eta, azkenik, sormen-lana izanda, oraindik “sortu gabeko zerbait” izatea.

Agirrezabalak eta Olaizolak eman dituzte komedia horren inguruko zertzeladak. Besteak beste, aurreratu dute “ganberroa, jostaria zein probokatzailea” izango dela. KORRIKA Kulturalaren barruan, 2025eko azarotik 2026ko apirilera bitartean antzeztuko da, Euskal Herriko hainbat eszenatokitan.

Emozioen garrantzia euskal kulturaren transmisioan: 23. Korrikaren kasua

Horixe da Mondragon Unibertsitako ikasle Amaia Ruiz Castellanosen Gradu Bukaerako Lanaren izenburua. Atzo aurkezpena egin zuen Kalderapeko Kulturgunean, Ane Elordi, KORRIKA arduradunarekin batera. Elordi tutore lanetan ere aritu da. 

Lan horretan emozioek hizkuntza minorizatuen aldeko mugimenduetan duten eragina ikertu da, horretarako Korrikaren 23. edizioaren kasu-azterketan zentratuta. Lasterketa herrikoian emozioek duten presentzia aztertu da, bide desberdinak jarraituz: 952 lagunek erantzundako inkesta, antolatzaile eta parte-hartzaileei eginiko elkarrizketak, lasterketak iraun zuen bitartean furgoneta barrutik eginiko behaketa eta horren inguruan sortutako lan dibulgatiboen lanketa. Horrez gain, Korrikaren bilakaera ere aztertu da hein txikiago batean. Landa-lan horren emaitzek erakusten dute emozioen presentzia ekimenaren aurretik, bitartean eta ostean ageri dela eta hori sinbolo desberdinen bitartez erakusten da lasterketan zehar.

Ondoriozta daiteke, Korrikak indar emozional handia duela eta horregatik eta bere baitan dituen sinbolo, elementu eta mekanismo tradizionalengatik dela hain arrakastatsua gaur egun.

HARRO HERRI!