Maite Arroitajauregi, “Mursego”, musikariaren gidaritzapean sorturiko kanta aurkeztu dute Ane Elordi KORRIKAko arduradunak eta Arroitajauregik berak Eibarko Juan Bautista Gisasola musika-eskolan. Horrez gain, bideoklipa ere plazaratzeko baliatu dute agerraldia.
23. KORRIKA kanta eta bideoklipa aurkeztu dituzte Maite Arroitajauregi musikariak eta Ane Elordi KORRIKA arduradunak gaur goizean, Eibarko Juan Gisasola musika-eskolan.
Berak egindako lanen artean ezberdina egin zaiola adierazi du Arroitajauregik, gutxi izaten baitira enkarguz egindako lanak: “Horrek geure buruari muga batzuk jartzera eraman gintuen, baina horrelako kantuekin egon ohi diren inertzia edo ohiturak kolokan jartzera: Korrika egiteko ez dagoela modu bakar bat, ez dagoela kanta bakar bat, bideak badituela gorabeherak eta bihurguneak.” Horrez gain, nabarmendu beharra dago pertsona askok osatutako lantalde batek sortu duela kanta.
Kantuak 6-7 zati ezberdin ditu; kantuaren barruan 3 kanta ezberdin, eta minisinfonia moduko zerbait oharkabean. Kantu berritzailea denik ezin uka: “Atea zabaldu diegu azelerandoei, disonantziei, kaos modukoei, keinuei... Eta hainbat kantariren artean abestua egon arren, apenas inor ez nabarmentzeari, masa bat irudikatzeari”, azaldu du Arroitajauregik.
Pop-barrokoa
Prozesu luzea izan den arren, gozatu egin dutela gaineratu du musikariak:
“Letratik abiatu ginen kantu pop bat egiteko, eta behin hezurdura eta melodia nagusia argi samar genituela hasi ginen konponketak proposatzen eta jolasten, askotariko ideiak botatzen eta eztabaidatzen, ados egon garen arte % 100ean”. Berrehunka pista zirriborratu eta milaka aldiz entzun eta gero, emaitza “pop-barroko kantu bat” izan da. Harrerari dagokionez, kontuan izan dute horrelako abesti bat publiko zabalari zuzenduta dagoela, eta berdin balio behar duela umeek abestu eta dantzatzeko, lagunarteko festarako, zein errepidean denok bat eginda oihukatzeko.
Bideoklipa
Ane Elordi Alburquerquek azaldu legez, bideoa Amaia Badiola Elgezabalek egin du eta, eta, batez ere, aurreko edizioetako artxiboko irudiz osatuta dago: “23 ediziok eta 43 urtek askotarako ematen dute; besteak beste, ikusteko zer nabarmenak diren KORRIKAn mota guztietako bilakaerak: gizartea, aldarrikapenak, estetika, komunikatzeko erak... baita gauza horiek guztiak jasotzeko teknikak ere”. Izan ere, denboraren aurrera-egite horrek euskararen erresistentzia ere irudikatzen du. Egileak dioenari jarraikiz, “Bideoklipa batzuetan da nostalgikoa, beste batzuetan polita, eta “punkia” ere izan daiteke”.
LOTURA HONETAN INFORMAZIO GEHIAGO
Korrika laguntzailea izatearen abantailak Astero, zozketak egingo ditugu LAGUNTZAILEEN artean... 300 sari baino gehiago... Oro har, KORRIKAren ekimenetan lehentasuna edo deskontuak izango dituzu. Deskontuak ere AEK-ko ikastaroetan. AIZU! Aldizkariko harpidetzan... Eta, aldiro-aldiro, gure berri jasoko duzu KORRIKA laguntzaileentzako buletinaren bidez. ...eta garrantzitsuena, KORRIKAren parte zara, zure laguntzarekin egingo dugulako aurrera.Egin zaitez laguntzaile
Eskerrik asko!