Bretoieraren aldeko lasterketan parte hartu du gaur goizean KORRIKAk, Nantes inguruan.
KORRIKAren ahizpa txikietako batean parte hartu du gaur goizean KORRIKAk. Ar Redadeg, Bretoieraren aldeko lasterketaren 9.edizioa ospatzen ari da egunotan, maiatzaren 17tik 25era.
Atzo abiatu zen Euskal Herritik KORRIKAren ordezkaritza bat, gaur goizean goiz Nantes inguruan 746. kilometroan parte hartzeko. KORRIKArekin harreman estua du Ar Redadeg, eta La Passem ekimenean egin bezala, kilometro bat eskuratu eta “babesa eta elkartasuna” adierazi dio KORRIKAk bretoieraren aldeko lasterketari, haiek ere KORRIKAko aurtengo edizioan egin legez.
Ane Elordik, KORRIKAko arduradun nagusiak azaldu bezala, garrantzitsua da hizkuntza gutxituen arteko sarea osatzea: “ Eurak ere Baionan egon ziren, okzitaniarrekin batera, hiruon artean harremana daukagu, eta gure asmoa eta erronka da sare hori gero eta indartsuagoa izatea, besteak beste, hizkuntza hegemonikoen aurrean nola jokatu eta estrategia bateratu bat osatzeko, adibidez”.